Astelehen honetan goizean, urriaren 27an, Bilboko Udalak hirian hondakin organikoak biltzeko kudeaketa-eredu berria zabaltzeko sortutako Bilborganik ekimena abiarazi du, hiri jasangarriago baten alde aurrera egiteko. Kanpaina hau 'Bilbo zaintzea organikoa da' jarru da martxan. Herritarren parte-hartzea errazten du, tresna digitalen eta aurrez aurreko arretaren bidez. Gainera, zerga-onurak eskaintzen ditu sistema behar bezala erabiltzen dutenentzat.

Aurrerapauso bat da hiri-hondakinen kudeaketan, Europako eta Estatuko arlo horretako araudi berriekin bat datorrena, zeinak nahitaez bete behar diren. Arau-esparru horrek ikuspegi berri bat sustatzen du, bai eta ereduak eta bizimoduak aldatzea ere, premisa argi batekin: hondakin gehien sortzen duenak gehiago ordaintzen du.

Zenbait bide izena emateko

Sisteman izena ematea erraza izango da, eta bide bat baino gehiago eskainiko da bilbotar guztiengana iristeko. Herritarrek abenduaren 31 baino lehen hartu beharko dute alta, baldin eta hondakinen tasa berrian 2026rako ezarritako % 10eko hobaria baliatu nahi badute.

Horrela, eta alta eman nahi duen pertsona orok horretarako aukera izan dezan, Udalak hiru bide jarriko ditu:

  • Aplikazio mugikor berri bat, Androiderako eta iOSerako eskuragarri.Izena emateko, nahikoa da Bakq ziurtagiria indarrean edukitzea. Androiderako deskarga eskuragarri dago jada, eta iOSrena azaroan zehar egongo da.
  • Webgune espezifikoa: www.bilborganik.eus. Bakq-rekin hau ere. Webgune hau gaurtik bertatik erabil daiteke. Kanpainari buruzko informazio guztia jasoko du, eguneratuta, baita altak urrunetik kudeatzeko izapide elektronikoetarako estekak ere.
  • Modu presentziala. Sisteman alta hartu ahal izango da horretarako gaitutako makinetan, Bilboko barrutietako hamabost udaltegitan (Deustu, San Ignazio, Castaños, Uribarri, Otxarkoaga, Txurdinaga, Begoña, Santutxu, La Bolsa, San Frantzisko, Abando, Errekalde, Irala, Basurtu eta Zorrotza), Bilbao Kirolak-en hamaika kiroldegietan, Azkuna Zentroan, Zabalgune eraikinean eta San Agustin eraikineko bulegoetanNANa baino ez da aurkeztu behar.

Hondakin organikoak birziklatzeko izena emanda dauden 32.000 pertsonek, eta Bilbao Kirolak-era abonatuta eta Bilbon erroldatuta dauden pertsonek gutun bat eta liburuxka bat jasoko dituzte etxean. Dokumentazio horren bidez, sistema berrian alta hartzeko urratsak eta aukerak azalduko zaizkie.  

Pertsona horiek guztiek, txartel fisiko bat dutenez, ez dute txartel berririk beharko; betiko txartela erabiltzen jarraitu ahal izango dute edukiontzi marroiak irekitzeko eta sisteman egiten duten ekarpena erregistratzeko.

Gainerako herritarrek hainbat bitarteko eta euskarriren bidez eskuratu ahalko dute informazio hori, gaur abian jarriko den informazio-kanpainari esker.

Gainera, Udalak InfoBilbao-ren liburuxka berezi bat argitaratuko du, 155.000 aleko tiradarekin. Bilboko etxeetako postontzietan banatuko dira, baita udaltegi eta ekipamenduetan ere, ohikoa denez.

Txartelak eta hondakin organikoen jarraipen pertsonalizatua

Erabiltzaile berriek, alta hartutakoan, aplikazioaren bidez erabaki ahalko dute zer nahiago duten: txartel fisikoa erabili, ala telefono mugikorrean txartel birtual bat deskargatu. Etxebizitza bakoitzeko txartel fisiko bakarra egongo da; birtualak, berriz, sisteman alta hartzen duen pertsona bakoitzeko bat.

Txartel birtualak deskargatu eta hurrengo egunean erabili ahal izango dira; aldiz, txartel fisikoa eskatzen dutenek etxean jaso arte itxaron beharko dute, edo aukeratu duten udaltegian jaso (gutun bat iritsiko zaie, noiz dagoen eskuragarri jakinaraziz).

Txartel fisikoek zein birtualek aukera emango dute edukiontzi marroian egindako ekarpenen jarraipena egiteko. Eta horixe da, hain zuzen ere, sistema berriaren berrikuntzetako bat.

Erabiltzaile berriek biohondakinak edukiontzi egokian uzteko behar duten materiala eska dezakete (kuboak, poltsak...). Haiek ere gutun bat jasoko dute etxean, eta bertan jakinaraziko zaie materiala dagoeneko eskuragarri daukatela, euren izenean, aukeratu duten udaltegian.

Hobari fiskalak

Jakitera eman den bezala, datorren urtean Udalak hondakinen tasaren osagai espezifikoaren % 10eko hobaria aplikatuko die, ofizioz, sisteman 2025eko abenduaren 31 baino lehen izena ematen duten pertsonei, hondakinen kudeaketa arduratsuarekin duten konpromisoaren aitorpen gisa.

Gainera, iragarri da 2027an ofizioz aplikatuko zaiela hobaria edukiontzi marroia benetan erabiltzen dutela egiaztatzen duten erabiltzaileei. Horretarako, datorren urtean, 2026an, herritar bakoitzaren ekarpenak erregistratu beharko dira, txartel fisikoaren bidez edo aplikazio mugikorrean integratutako txartel birtualaren bidez.

Zehazki, osagai espezifikoaren % 20ko hobaria aplikatuko zaie sortzapenaren aurreko urtean (hau da, 2026an zehar) etxeko hondakin organikoen edukiontziak gutxienez 36 astez erabili dituztela egiaztatzen dutenei.