UDAK adiera ezberdinak ditu uda zer den deskribatu behar duen ororentzat. Gehientsuenentzat, uda oporrei lotuta dago. Eta oporrak, gehientsuenentzat baita ere, atseden hartzeari. Atseden hartzeko moduak, ordea, pertsonak bezain beste izan daitezke. Batzuentzat, ezer ez egitearen sinonimo dira. Ez eta etxeko lanik txikienik ere. Beste batzuek, ordea, udako lantxoren bat hartzen dute, egun erdiz edo aste buruan burutzekoa. Eta badira antolatzaile lanetan aritzen direnak ere: jaiak antolatzen, kirol ekitaldiak koordinatzen, bandarekin batera herriz herri musika jotzen, edota urrutiko kontinenteetara joaten direnak lagun hurkoari laguntzera.

Oporrak etzanda pasatzearen aldeko direnen artean ere, batzuk liburuki potoloak dituzte lagun; beste batzuek, horixe ere ez. Bada uda idazteko, konposatzeko, entrenatzeko edo hizkuntzak ikasteko erabiltzen duenik. Eta, bada, pentsatzeko erabiltzen duenik ere. Azken hauei, mundua gelditu egiten zaiela dirudi. Edota beraiek geldiarazten dutela nahita. Eta urte erdiak eman duenaz egiten dute gomuta eta ordena jartzen saiatzen dira gertatutakoari, edota, behinik behin, burmuinean iltzatuta gelditu zaien ideiari, istorioari, gertakizunei eta sentipenei. Udako oporretan, urteko beste edozein urtarotan baino dibortzio eskaera eta norbere buruaz beste egiteko saiakera gehiago izaten omen da. Pentsatzeari ekiten diogun seinale. Istorioak ulertzeari, ulertzen ez ditugun ideiei buelta erdi gehiago emateari, sentipenak lekutu nahiari? eta mundua oporretan dagoen bitartean, amaierarik ez duela dirudien jai giro eta plazerrez betetako bizitza oparo horretan, zeinetan dena zinemako pantaila erraldoian bezala agertzen den, bada, inguruan ez dugu dena hain koloretsu antzematen.

Eta, badira, inguruan, gure aldamenean, gure herrian, gure auzokideei gertatzen zaienaz ardura-tzen direnak eta festari bai baina gainontzeko egin beharrei ere bai esanez erantzuten dietenak.

Bizitzari eskatzen dioguna eska-tzen diegu oporrei ere. Pertsonok ez gara hainbeste aldatzen, nahiz eta udaran, oporretan, beste ba-tzuk garela dirudien.