nIRI, han laurogei hamarkadaren bukaeran, Bilboko jaiak ez zitzaizkidan gustatzen. Nire homosexualitate kanporatzen hasi berriari haize emango zioten jaitzat jotzen banituen ere, deseroso egiten zitzaizkidan, koadrila egokirik ez nuelako, agian. Edo beharbada arrazoiak arruntagoak ziren; deseroso egiten zitzaizkidan txosnak , Sanferminetako barraka politikoak deseroso egiten zitzaizkidan arrazoi berberengatik, bata, festa gune batera mugatzen delakoz, biga, txosna bateko musika beste txosnakoarekin nahasi eta abarrotsa ikaragarria izaten delakoz, hiru, jendetza izugarria izaten delakoz.

Oraindik gogoan dut nola orduko larunbata batean astun jarri nintzen gaueko ordu bata aldera bai eta bai Zazpi Kaleetara joan behar genuela eta Bilboko adiskideek amore eman eta barneratu ginen kale ilun eta hutsetan zehar. Ez zegoen ezer.

Gerora ikasi dut Aste Nagusia maitatzen. Oraingo parametro neoliberaletatik begiraturik harrigarria egiten zait halako jende gazteak horrelako proiektu bat sortu eta hiriari nortasuna eman izana, nolabait herri mugimendua (barka hitza) instituzioen gainetik paratu izana, gaur egun pentsaezina litzatekeena.

Nonbait irakurri dut Bilboko Udala eta ekimen pribatua konpartsa hutsa direla jaien antolaketan, jaiak konpartsek antolatzen dituztela, auzolanean. Eta hala da zerbitzariak musutruk egiten baitute lana, kanpotarrei harrigarria egiten zaiena; eta bertako edarien prezioa tabernetakoa baino txikiagoa izaten baita.

Eta gero suen kontu hori dago, festa gelditu eta kristo guztia zerura begiratzen jartzen deneko une hori; lehen amorratu egiten ninduen, orain, xelebrea iruditzen zait. Txosnetan ez dute edaririk zerbitzatzen eta Zazpi Kaleetako tabernak hustu egiten dira, eta ez da eskatzeko arazorik izaten.

Zerura begira zaudela, irakurle, pentsa ezazu suzirien argitatik gorantza izarrak daudela, eta izarrez harantzago izar eta planeta gehiago, eta harantzago, galaxiak, eta galaxiez harantzago galaxia gehiago. Ezer ez zarela unibertsoaren baitan, une hori baino ez, hor egote huts hori, gutxi baino dena aldi berean. Aste Nagusi ona pasa.