BOLANDERA batez dei-tzea ez da atzo goizeko kontua. Ia edozertarako. Jai egiteko gehien batean, gaur egun hainbatean ez den arren, meza nagusia noiz den jakinerazteko ere bai. Jakina kanpaiak ere badirela horretarako, ordu erdi lehenago bat, ordu laurdenera bi eta ordu berean hiru, baina aspaldi hauekin batera bolanderak izaten dira batik bat baserri kutsuko auzoetan. Bolanderak, batez beste pilota partidak edo idi demak hasten direla ohartarazteko eta, zelan ez, erromeria non eta noiz den jakin arazteko. Hori gutxi balitz, arrunta da eukaristia orduan bolandera bat jaurtitzea joaterik izan ez dutenek ere neurri batean meza hori bizi dezaten. Ez mediterraneotarrei beste baina gustatu gustatzen zaigu bolbora guri ere.

Txupinazoarena beste kontu bat da. Inor haserretuko den arren, Iruñeako San Ferminetatik datorren ohitura delakoan nago kontu hori eta frankismo ondoren jai zabalago edo askeagoetan hedatu dena. Edozein herri edo auzotan ia ezinbestekoa den arren, EHko bost hiriburutan duen ezaugarriei emango diegu begirada sinple bat. Uztailaren 6koa izanen da ziur asko munduan ezagunena, San Fermin horiek direlako non-nahi hedatuenak. Ia betidanik Nafarroako hiriburuan txupin horri sua nork emango dion izaten da ardura nagusia; nor hori politikan izan diren, eta diren, oreka edo desorekak lekuko. Pentsatu oraindik oso berria dela Viva San Fermin ondoren Gora bat tartean itsaste hori ere.

Baionak hartzen dio lekukoa Iruñeari, han ere izaten da atazarik une horren protagonista aukara-tzean, baina politikatik landa euskara edo kulturan jartzen dute begirada. Txupinaren zarata bai baina, batez ere, Lehoi Erregeak herriko giltza herriaren esku uztea da zeremonia horren lehengaia. Bertso bidez pregoi xumea egitea ere ohikoa egin da. Gasteizko Ama Zuriaren ferian Zeledon jaunak daroa ia erabateko protagonismoa, zigarro puruak erretzea murriztu zenetik. Donostian txupina gutxi iritzi eta kainonazoa jaurtitzen dute eta Bilbon berriz, pregoiaren edukiak har-tzen du garrantzia. Gora jaiak bada!