hAMALAU urteko neska bat, Balentzian, bere etxeko leihotik ihesi, aitak bortxatu nahi duelako; Teruelen, aitak semea hil du eta larriki zauritu du bere emaztea, ondoren bere buruaz beste egiteko; Bilbon, neska bat bortxatu zuten duela astebete sei gizonek; Benidormen ere, bost gizon atxilotu dituzte emakume bat taldean bortxatzea leporatuta; Gasteizko jaietan, mugimendu feministak hiru sexu erasoen berri izan duela esan du? Eta guzti hau (eta askoz gehiago) gertatzen den mundu honetan, albiste hauek irakurtzen ditudan bitartean, irakurtzen dut baita ere Gasteizko blusa talde batek -edo blusa talde bateko kide batzuk, behintzat -erabaki dutela kalejiran indarkeria matxista ukatzen duten pankartak erakustea. Bi pankarta atera zituzten asteazkeneko kalejiran: “Biolentzia jarrera kontua da, ez genero kontua” eta “Salaketa faltsuak = tratu txarrak = zigor bera”.

Argazkia ikusi nuenean, mina sentitu nuen sabel inguruan; baina mina areagotu egin zen telebistan zenbait kaletarren iritziak entzun nituenean. Neska gazte batek -ez dakit blusa taldearekin zerikusia zuen ala ez -esaten zuen salaketa faltsuekin bukatu beharra dagoela eta abar? Hitz bakoitzarekin iltze bat sentitu nuen eztarritik behera jaisten. Eta pentsatu nuen nola sortu daitekeen hain erraz gezur bat, nolako erraz bihurtzen duten egia gezur bat mila bider errepikatuz, eta jasangaitza dela indarkeria matxistaren aurrean itsu bizi den gizarte batean bizitzea. Hala ere, ez dut uste horrela denik. Esango nuke emakumeen kontrako indarkeriaren arazo larriaren aurrean gizarteak gero eta kon-tzientzia handiagoa duela eta, pankartak indarkeria jarrera kontua dela esaten bazuen, hain zuzen ere, jende askoren jarrera aldatu egin dela zorionez, gero eta jende gehiago jabetzen baita arazoaren larritasunaz. Hala sinistu nahiko nuke. Horregatik ez dut zutabe hau idazteko behar izan dudan denbora baino gehiago erabiliko blusa talde horretako gizon horiei buruz hitz egiteko. Jarrera horrekin, ez dute lekurik ez kalejira batean, ez aurrera egin nahi duen gizarte honetan.