EZ dakit irailean gobernurik egongo den ala ez Espainian, begi bistakoa zait inoiz baino korapilatsuago dagoela zer gertatuko den asma-tzea; era berean, ez dakit azaroan Kongresu-Senaturako hauteskundeak izango ditugun berriro ere. Gaur egun badira argudioak baieztapen bat eta baieztapen horren aurkakoa aldarrikatzeko; gaur egun, gainera, erruak elkarri botatzeko garaia da, eta badirudi garai hori luzea izango dela oraindik. Argudio guztiak, erru guztiak, analisi guztiak izango dira zilegiak, ulergarriak, arrazoizkoak, baina nire neurona alferrendako batzuk besteak baino zentzugabegoak, absurdoagoak dira.

Azken horien artean dago jendea bozkatzeaz nekatuta dagoela dioena. Niretzat eta nire inguruko gehienentzat bozkatzea hamabost minutuko kontua da, gehienez jota. Igande baterako ez da ariketa nekagarriegia. Ulertzen dut hauteskundeak iragartzen direnean, jendeak, nik neuk, izan ahal dituen beldur batzuk, mahaietan egon beharra, demagun, baina, benetan, bozkatzea ez da izerditan, neka-neka eginda, akiturik, lehertuta bukatzeko moduko ahalegin itzela. Nekatu ahal den bakarra burua da, eta hor dago koska.

Beharbada jedea, ni neu, nekatuta dago beste kontu batzuez, beharbada jendea nekatuta dago politikariak entzun beharraz, eta hauteskunde kanpainetan gehiegi en-tzun behar ditugu, edo beharbada jendea nekatuta dago ez politikariak entzun beharraz, baizik eta politikarien gezurrez entzun beharraz, politikarien antzerki txarrez, engainuez, jokoez, beharbada jendea nekatuta dago Marotoren iruzurrez edo Jaurlaritzakoen sermoiez (AHT ditxosozko hori izango dugula bi mila eta auskalorako). Susmoa dut politikari gehienek nekatuta nahi gaituztela, eta buruan sartu nahi digutela bozkatzea aspergarri bezain nekagarria dela; horrela, beraiek lasai ibil daitezke hartu behar diren erabaki garrantzitsu eta zail horiek hartzeko, jende, traba hori, barik. Nik, aldiz, uste dut oso gutxitan joaten garela bozkatzera, eta plazaratzen diren eta ez diren gorabehera askori buruz bozka emango nuke poz-pozik, inolako nekerik gabe.