BEHIN galdetu nion Laura Garridori Euskal Gatazka dela-eta, bere ustez zein zen idatzita gelditu beharko litzatekeen errelatoa, eta zera erantzun zidan: jendea hiltzen zuten terroristak izan zirela hemen. Ez zuen aipatu Frankismoa edo kultura baten zapalketa edo jende batzuen independentzia nahia. Ero batzuk armak hartu eta jendea hiltzen hasi ziren. Kito.

Ez dakit zein izango den Historian Euskal Gatazkaz idatzita geldituko den kontakizuna, baina errelatoa aipatzen dugunean ez dakit noraino ari garen historian idatzita geldituko denaz eta ez hurrengo bataila politikoa irabazteko errealitatearen, batez ere hedabidetakoa, irakurketa bakarra ezartzen saiatzeaz.

Aste honetako PSOE eta UPen arteko negoziazioen porrotaz aritu direnean ez ziren Historiara pasatuko denaz ari, baizik eta hurrengo hauteskundeetarako irteera laukian kokapenik onena lortzeaz. Garrantzitsua ez da izan zer eta nola gobernatuko duten eztabaidatzea, baizik eta hedabideen aurrean bestea nabarmen uztea, alegia, antzeztea. Aspaldi, gauzak gertatzen ziren eta gertakariak jorratzen zituzten historiagileek gerorako bertsio bat sortzen saiatuz; espektakuluaren gizartean gertatzen denaren gainetik, oso gainetik, dago kontatzen dena, hainbeste Guy Debordek esan bezala “espektakuluaren gizartean egia gezurraren une bat baino ez da”, alegia, errelatoa baino ez dago eta errelatoak ezer gutxi ikusteko du gertatu denarekin.

Negoziazio batzuei aurre egitea horrela ia ezinezkoa da. Aitor Esteban, Gabriel Rufian eta Oskar Matute izan dira “benetan” aritu diren bakarrak, errelatoaren aktoreak ez zirelako, errelato horretan ez zeudelako.

Ez naiz aditua eta ez dakit irailean Espainiako Erresumako presidenterik izango dugun edo beste hauteskunde batzuetara goazen, baina iruditzen zait eman diguten espektakuluarekin politika instituzionalak antzezpenetik duen zatia agerian gelditu dela, gero eta aparteago dagoela jendearen benetako arazoetatik. Kapitalismoak bere martxa zapaltzailea jarraitzen duen bitartean, talkatxoa egiten saiatu beharko liratekeenak (PSOE?) reality batean arituko balira bezala dabiltza. Etsigarria. Oso.