Zirrikituetatik begira

Ikusezin

09.02.2020 | 10:35
Columnista Karmele Jaio

ELKARRIZKETA askotan arloren batean nabarmendu den emakumeari galdetzen zaio ea bere ibilbide profesionalean inoiz diskriminatua sentitu den. Askotan, emakumeak erantzuten du berak ez duela inoiz zuzenean diskriminaziorik jasan, nahiz eta onartzen duen gizartean emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza existitzen dela.

Aurrekoan, EHUko ikastaroetan, Marta Sanz idazleak aipatu zuen oso berandu konturatu zela emakume izateagatik literatur eremuan jasotzen zuen tratu ezberdinaz eta bere lanaren balorazioan honek zuen eraginaz. Laugarren liburua argitaratu arte, berak beti egiten zion ihes feminista hitzari, adibidez, horrek bere idazle kategoriari min egingo zion beldurrez. Ordura arte dena iruditzen zitzaion egokia, beste idazle bat sentitzen zen gizon idazleen artean. Baina gutxika ohartzen hasi zen bere kide askoren jarrera paternalistaz, adibidez; edo kritikoek berak jorratzen zituen zenbait gai (femeninoak konsideratuak izateagatik) gutxiesten zituztela; edo gizon idazleen artean "bestea" edo "gonbidatua" kontsideratua izaten zela askotan. Hain barneratuta ditugu matxismoaren arauak, hauek ikusezin bihurtzen dira, baita arau horien biktima direnentzat ere askotan. Denborak, baina, gehienetan gure harreman eta jarreren azpian dagoena erakusten digu, eta Sanzek dioenez, horregatik, hogeitahamar urtetik aurrerako emakumeak feminista hitza onartzen hasten dira, eta haien hiztegietan feministak "haiek" izateagatik "gu" izatera pasatzen dira. Kontzientzia har-tzea da lehen pausoa edozein egoera aldatzeko, baina askotan ez da erraza. Irene Monteroren galtzarpean ileak egotea normala da, normala ez dena da bera bezala galtzarpean ileak dituen norbaitek hori kritikatzea. Matxismoa depilatuta agertzen da gure gizartean, ikusezin, baina nahikoa da egun batzuk itxarotea ilea zein indartsu eta gogor hasten den ikusteko. Erroa hor dago, ikusezin bezain indartsu.