ASKATASUNAREN diskurtsoa eta esklabotzaren arteko paradoxak markatu zuen Mendebaldeko nazioen gorakada ekonomia globalean aro modernoaren hasieran”, halaxe hasten du Hegel, Haiti eta historia unibertsala liburuko bigarren kapitulua Susan Buck-Moors pentsalariak. Frantziako Iraultza eta Ilustrazioaren aldeko pentsalariendako ez zegoen kontradikziorik haien ororendako askatasun-aldarria eta esklabotzan oinarrituriko kolonietako ekonomiaren artean, harik eta Haitin esklabo beltzak Frantziako Iraultzan aldarrikaturiko askatasun unibertsala beraiendako ere eskatu zuten arte. Jakobino beltzek gidatu zuten iraultza hura ez zen ongi bukatu baina Frantziako gizartea eta pentsalari ilustratuak askatasunaren kontzeptua unibertsala, beltzendako ere bai, zela onartzera behartu zituen, teorikoki behintzat.

Burk-Moorsen liburuarekin akordatu naiz aste honetan Txaleko Beltzek Pariseko Panteoia okupatu dutelako berria eta argazkia ikustean. Frantziaren abertzaletasun errepublikazalearen sinbolo den eraikin hori jende beltzez bete da paperak eman diezaizkieten aldarrikatuz: kolonialismoaren ondorioz jo dutela metropolira, gizon handien hilobia okupatzen ari direla haien profanazioak salatzeko eta Frantziak aurrera jarraitzen duela esklabotzarekin beste modu batez argudiatu dute, besteak beste. Jakina, Frantziak polizia bidali du eta ostiaka atera dituzte bertatik.

Paperak eskatu dituzte, ez askatasuna haien aitzindari haitiarrak egin moduan, askatasuna paperik gabe ezer ez delako, askatasun iraultzailea esklabotzarekin ezer ez zen bezala. Horixe dauka frankofonia famatuak, ondasun kultura polit eta anaitasunezko hori esplotazio ekonomikoan oinarriturik dagoela. Europarrok ez gara ohartzen gure ongizatea, eta bai sortu ditugun ideia askatzaileak hori ere bai, lurralde eta jende askoren zapalkuntza eta elkor-tzean dautzala. Alegia, gure bizi maila beste batzuen maila eskasaren ondorio dela. Zer usteko dute Panteoian lurperaturik dauden aberriaren guraso horiek guztiek? Jakobino eta beltz oximorona dela uste dute oraindik?