IMAGINAZIOAK lanean harrapa zaitzatela esan ohi da lan baten aurrean oraindik zertaz jardun behar duzun zalantzak dituzunean. San Fermin zalea naiz eta gaur ere (atzo zuen-tzat) eguneko lehen kafea La 1 piztuta edan dut, urteoro zortzi egun hauetan bezala. Hesira igonda bertatik bertara ere hainbat aldiz ikusi izan dut entzierroa, gazte gaztetan bi aldiz zezenen aurretik edo tartean korrika egin ere bai eta horien nostalgiaz edota ditudan hainbat lagun nafarrei gorazarrez, uztailaren 7.etik 14.era telebista pizten dut goizeko zortzirak bost gutxiagotan.

Beste inoiz 8. honetan idaztea egokitu zaidanean nire bizitzan beti gogoan izan dudan saminez beteko oroimenez idatzi izan dut, alegia 1978.ean polizia nazionalak bekokian tiro trebe batez Germán Rodriguez LKIko gazte ekintzailea akatu zuenekoa, hain zuzen. Tiro trebe bat esan dut, orduan, eta gaur oraindik, ez zutelako “jakin zehazten” edo ametralladoraz edo zein armaz tiratu zioten hain zuzen. Ez zen kasualitatez jaurtitakoa ez gutxiagorik, kasualitatea ez zen bezala, beste kontu batzuengatik ezaguna den, Martin Villa zela garai hartako barne ministroa. Bere burua zuritzeko Nafarroako gobernadore zen Ignacio Llanos salatu eta bota zuen eta, ordea, azioa zuzenean eraman zuen Miguel Rubio polizi burua goraipatu. Zezenkearen bukaeran gazte talde bat plazako hareatzara jeitsi zen amnistia eske, 40 polizi eraso gogorrean bertaratu eta atera zituzten, kalean jarraitu zuten aldarrietan, gaueko 10 aldera, Carlos III eta Oreaga kaleak egiten duten izkinan akatu zuten German. Urtebete lehenago Iruñea bertan beste bi heriotz izan ziran amnistiaren aldeko manifetan.

Akaso isildu egingo nuen jazoera latz hau, gogoratzeak min gehiago besterik ez duelako ematen baina larunbat arratsaldean Asirón jauna entzun eta hurrengo egunetan udaletxeko balkoi txikietako baten atzean gertatu dena jakin ondoren, ezin isildu izan naiz. Hor diraute eraso fazistak, bestela, Zer egiten zuten polizia munizipal haiek, txupinaren orduan, opozizioko zinegotzien gelan?