USTE dut behin baino gehiagotan idatzi dudala maitasunari buruz hemen; ez hori bakarrik gai horri buruzko poemaren bat idazteko atrebentzia ere izan dut; ez hori bakarrik bolada batean asko irakurri nuen gaiari buruz, badakizue, bihotzeko minak konpreni ezina konprenitzeko modukoa egitera bultzaturik. Irakurri nituen liburu aldi hartatik Elogio del Amor (Alan Badiou) gogoratzen dut bizien. Bertan filosofo frantsesak maitasuna berrasmatu beharra dagoela proposatzen du, alegia desiran oinarrituriko maitasun erromantikoa XVIII mendeko konpromisoaren ideiarekin indartu behar dela, nartzisismoaren oldarrari ihes egin behar baitzaio. Badiouk maitasunaren gaiari heltzen dio ez sentimenduen arlo hori interesatzen zaiolako bakarrik, ezerezetik mundu bat sortzen duelako ere, alegia, iraultzaren, filosofo marxista da Badiou, sorreraren metafora delako. Esanen genuke hala nola maitasuna une batean sortu halaxe izeki(ko) da iraultza, ezerezetik beste errealitate bat sorturik.

Azken boladan, ordea, maitasuna deitzen da edozein giza arazo konpontzeko, eta ez prezixo Badiouk egiten duen zentzuan. Aste honetan, Madrilgo Harrotasunaren pregoian bertan Monica Naranjo pregoilariak Cupido (Agape ere izan zitekeen) konbokatu du munduaren aldaketaren tresna gisa.

Maitasuna? Nola nahasten da maitasuna LGBT+on eskubideekin? Eta klase sozialekin? Pablo Iglesiasek “elkar maita dezagun” esan zuenean zer esan nahi zuen? Michael Hardt filosofoak maitasuna kontzeptu politiko eta eraldatzailetzat jotzen duenean zer esan nahi du?

Niri maitasun hitzak beldur ematen zidan gaztea nintzenean, sentimendu erridikulua zela uste izaten nuen, ez dakit gaztaroari egotzi beharko niokeen akats hori ala euskaldun izateari; gerora, ordea, ikasi diot beldurrik ez izaten, hala ere, naifa iruditzen zait maitasuna, dena delakoa dela, jartzea esfera publikoan munduaren injustizia sozialen zuzentzeko tresnatzat. Nola egiten da hori? Edo galdera hobea, akaso maitasuna baldintza sozioekonomikoen gainetik ote dago? Marxista batek badaki ezetz.

Nik ere, badaezbada ere, maitasuna aldarrikatuko dut: elkar maita dezagun, matxura klimatikoa konponduko ahal da horrela!