BARAKALDOKO filosofia irakasle bat notizia izan da aste honetan. Bere ikasleek egindako goraipamenek egin dute ezagun. Ikasleen artean filosofia zaletasuna sustatzeko metodologia berriak erabiltzen omen ditu eta filosofia ikasgaia erakargarri egitea lortu du ikasleen artean. Unai Cabo du izena eta orain arte ez zuen ia inork ezagutzen. Aurrerantzean ere gutxik gogoratuko dugu haren izena. Gure gizarteko heroi txiki ezezagun horietako bat dela esango nuke.

Gure herriko erakunde eta entitate ezberdinek hainbat sari antola-tzen dituzte urtero. Aste honetan bertan BBVA Fundazioak “Ezagutzaren mugak” sariak banatu ditu alor ezberdinetan nabarmendu diren munduko hainbat adituen artean. Gure komunikabideek ere hainbat alorretan nabarmentzen diren pertsonak elkarrizketatzen dituzte aldiro, eta ona da, noski, gure gizarteak eredugarriak diren hainbat pertsonen berri izatea.

Hala ere, zenbat eta zenbat pertsona eredugarri, heroi txiki, geratzen diren gerizpean, ezezagun, gure gizarteak aurrera egiteko ezinbestekoak diren arren. Barakaldoko filosofia irakasle batek ikasle baten bizitzaren norabidea aldatu dezake, bere ezagutzaren mugak zabalduz, bere ekarpena erabakigarria izan daiteke norbaitentzat; euskaltzale batek bere herrian euskara sustatzeko erabakigarriak diren ekimenak bultzatu ditzake; enpresa txiki bateko arduradunak bere herriko biztanleei lan duina eskaintzearekin herriaren osasun sozialari lagundu diezaioke; gizarte bazterkeria sufritzen dutenekin lan egiten duen elkarte bateko kidea ezinbestekoa izan daiteke hainbat pertsonen bizi-tzentzako; pertsona bakar batek lan asko egin dezake bere auzoaren bizitza hobetzeko; udako kanpamenduetako monitore batek gaztetan erakutsi dizkigun balore batzuk gure bizitza guztian zehar gogoratu ditzakegu?

Gure gizartea etengabe martxan dagoen mekanismo erraldoi bat da, baina makineria handi horrek nekez funtzionatuko luke pieza txiki erabakigarri asko martxan izango ez balira. Horiek ere saria merezi dute. Gure gizarteko pieza txiki erraldoiei saria.