AUZITEGI Gorenak ez dio Oriol Junqueras preso prebentiboari baimenik eman Kongresura joateko, han Hauteskunde Batzorde Zentralak antolatu duen Konstituzioaren, Espainiakoaren, zin egite ekitaldian parte hartu behar zuen Junqueras jaunak eurodiputatuaren kondizio osoa lortzeko. Hori, Espainiako Konstituzioaren zin egin beharrarena, eurodiputatu izan ahal izateko, oso kontu espainiarra eta katolikoa da, bestalde. Espainiako Erresemuari asko gustatu izan zaizkio aspaldidanik, Inkisizio garaietatik behintzat, aitorpen publikoak: guztien aurrean egin behar zen aitorpena barkamena lortzeko, guztien aurrean egin behar da zina kargua lortzeko, aitorpenak, zin egiteak kasu honetan, eta ez besterik, ematen dio hautatuari zilegitasuna, ez hautesleek; hautaketa prozesua egon dela ahanzten da arazorik gabe. Auzitegi Gorenak ez dio Junqueras jaunari kartzelatik ateratzeko baimenik eman Espainiako Estatuak ez duelako nahi Junqueras Europako Parlamentuan ikusi nahi.

Carles Puigdemonten eta Toni Comínen abokatua Kongresuan agertu da biren aitorpen idatziarekin, baina Hauteskunde Batzorde Zentralak ez dio inolako sinesgarritasunik eman aitorpen horri. Jakina, hauteskundeak baino garran-tzitsuagoak dira aitorpenak, zin egiteak kasu honetan. Espainiako Estatuak ez ditu Puigdemont eta Comín Europako Parlamentuan ikusi nahi, eta baliabide guztiak erabiliko ditu helburua lortzeko.

Hori gutxi balitz, Hauteskunde Ba-tzorde Zentralak zalantzan jarri du gainerako eurodiputatuek erabili dituzten hitzen zilegizkotasuna karguaren zina egiteko; beharbada laster beste eurodiputatu batzuek zinak errepikatu egin beharko dituzte hitz egokiak erabiliz. Aitorpena egin behar duzu, bai, baina nik nahi ditudan hitzekin; aitorpenak umiliazioa dakar berez. Euskal Herrian ere aitorpen zehatzekin izan genituen istiluak garai batean: “gaitzetsi” hitza erabili behar zen (eta askoz hobe “condenar”) zilegitasun erabatekoa lortzeko. Beste guztia susmagarria zen.

Goizago edo beranduago hiru katalanak Europako Parlamentuan ikusiko ditugu, hori pentsatu nahi dut behintzat, eta “kondaira beltzak” kapitulu berri bat izango du ondo irabazita.