HAUTESKUNDEAK norgehiagoka dira, eta abertzaleen arteko indar-korrelazioa ere neurtzen dute. Hilabetean lau erakundetarako bozketak eginik, argi geratu da hegemoniak EAJren esku jarraitzen duela. Sanchez efektuak sozialisten emaitzetan izan duen eragin zirkunstantzialaz harago, indar abertzaleak dira hazten ari diren bakarrak. Baita EH Bildu ere, nahiz eta lehentasunezkotzat jotako aginte-eremu nagusietan lehen indar izaterik lortu ez. Edozein gisaz, oinarri sozial handi eta leiala duela berretsi du, eta Podemosen sorrera-ostean ihesi joandako boto asko berreskuratu. Udal mailako aginte hedadurarik handieneko alderdia da, hauteskundeen mapan begiratzea aski da hori egiaztatzeko, nahiz eta ez gauza bera izan Donostia edo Ataun koloreztatzea, hedadura bertsua izanik ere.

Hauteskundeak lehia dira, eta politika adosteko eta kudeatzeko gaitasuna. EH Bilduk daukan ordezkaritzak ez du neurri bereko isla izango erakundeetan. Bizi duen isolamenduak ia-ia gehiengo osoak lortzera kondenatzen du. Garai berriek politika berriak ekarri beharko lituzkete, hitzarmenen jokoa malgutu eta zabaldu. Blokeo egoera horri aurre egitea ezinbesteko du ezker abertzaleak, baldin eta ez badu bere burua etengabe zamatuta ikusi nahi. Proiektuak zapuzteko baturak erraztetik -Gasteizko Legebiltzarra kasu- egitasmoak sortu eta garatzeko gehingoak adostera iragan beharra du, eta hori, hein handian, bere baitan dago. Etorkizunean benetako eragile izateak iragana behar bezala ixtea eskatzen dio. Sekulakotz tema daiteke, noski, bere kontakizunean, nahi bezain maiz begira dezake Hego Euskal Herriko udal-banaketaren mapa berde-argia, baina mapak koloreztatu bakarrik ez, aldatu ere egin behar dira.