BARRE egitea. Algaraka. Barrearen barrez begietatik malkoak isurtzea. Eta ezin gelditzea. Faltan senti-tzen du gazte garaietan edozerrengatik barre algaraka leher-tzeko zuen erraztasun hura. Urdailetik ateratzen zitzaion barrea, doministiku baten abiaduraz, gorputzeko tenperaturak gora egiten zion, eta hasperen luze batekin bukatzen zuen, orgasmo bat izan balu bezala. Barre hori. Orgasmo mota hori. Asko sentitzen du faltan.

Urteak ez duela halako barre algararik botatzen. Gaztetan nahikoa zen lagunaren begirada konplizearekin topo egitea edo edozer kontakizun barregarri entzutea eztanda egiteko. Gaur asko kostatzen zaio. Denbora bere aurpegian zehar zabaldu da igeltsuzko hesgailu baten antzera, eta igeltsua behin gogortuta zaila izaten da irribarretik harago luzatzea keinua. Bizitzaren zailtasunak, urteekin gehituz doazen ardurak? Poliki-poliki barrearen etengailua deskonektatu egin zaio, eta berez sikatu zaizkio garai batean jertsearen mahukarekin sikatu behar izaten zituen barre-malko haiek.

Bere buruari esaten dio normala dela gertatzen zaiona, ez direla garai onak barre egiteko, aspaldi lirikarentzat ez diren bezala, nahikoa dela egunkaria irekitzea negarrez hasteko: Beste emakume bat eraila, efizientzia eta garapenaren izenean sortutako prekarietatea, ezer balio ez duten gizakien bizitzak munduko hainbat tokitan? Egoera ez da, ez, barrezka hasteko modukoa, baina, hala ere, sakonean, badaki egoerarik larrienean ere barrea ukendua izan daitekeela. Eta pertsona batzuek barrea eragiteko kapaz direla baita beilatoki batean ere.

Aurrean duzunari konfidantza erakusteko modu bat ere bada barrea, zure eta bere eskuetatik konplizitate soka bati eusteko modua. Horregatik pentsatu du zein handia den bizitza honetan barre algara bat konpartitzeko norbait izatea gertu. Barrea kanporako erakustaldi bat bada ere, zure alderik intimoenetik irteten delako askotan. Barre hori. Barreak eraginda negar egiteko modu hori. Orgasmo mota hori.