JOAN den barikuan Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Arinki pasatu da egun hori benetako kazetaritza independentea, libre, pluralista eta menpekotasunik gabekoa aldarrikatu barik. Gizarte demokratiko guztien oinarrizko osagai garbitzat hartu beharrean, gaur eguneko prentsan, eta batez ere Espainiakoan, ideologia zehatz baten ildo eta zutabe alienagarriak zabaltzen dira depuraziorik gabe. Espainiako prentsak ez du lotsarik, eta fribolitateak, populismoa, morboa, faltsukeriak, eta pribatasunaren argi-ilunak azaleratzen ditu. Pertsonaia barregarrien diatribak, alderdien noraeza eskuindarrak, liturgia xenofoboak, pertsonen eta politikoen iri-tzi grotesko onartezinak, albiste beldurgarrien esperpentoa, eskumakoen koherentziarik gabeko diskurtso propagandistikoak, eskrupulurik gabeko informazio faltsuak,? Horiexek dira gaur egungo prentsa-askatasuna defendatzen ez duten hedabide kontserbadoreen jomuga periodistikoak.

Desinformazioaren garaietan bizi gara. Sare sozialetan albistea sortu orduko, datu egiaztatuekin kon-tsultatu gabe, dena hartzen da on-tzat, kode etikoa eta deontologikoa eta egiazko informazioa jasotzeko eskubidea babestu barik.

Albistea edonora hegan egiten duen misila da, edonori jaurtiki ahal zaion arma bat. Bake edo adiskidetze-prozesuetan parte hartu beharrean, gaur egungo kazetaritza arerioaren kontra jarduteko erabiltzen da batik bat. Baina beti ere, bakan batzuek egin dezakete hori. Kazetaritzan modu librean jardun nahi dutenek sekulako arazoak izaten dituzte euren lan bikaina aurrera ateratzerakoan. Batzuetan kazetariak ezin dira prentsaurrekoetara edota mitinetara sartu, alderdi politiko ustel batek hala erabakitzen duelako.

Beste aldetik, Mozal Lege perbertsoa dugu, kazetarien kontrako isunak, epaiketak eta erasoak justifikatzen dituena. Informazioa behar bezala zabaltzeagatik zenbat euskal kazetari izan dira salatuak? Zenbat aurkeztu behar izan dira epaitegietan?

Espainia herrialdea, Mugarik Gabeko Erreportariek egindako Prentsa Askatasunaren Nazioarteko sailkapenean, 29. lekuan dago.