Francisco González Tejeraren Tormenta en la memoria liburutik hartutako kontakizunaren laburpentxo bat da honakoa: Sor Amparo zen Las Palmasko Haurren Etxean sentiberatasun pixka bat erakusten zuen pertsona bakarra, hark babesten zituen haurrak. Saiatzen zen haurrak mozkor-mozkor eginda etorritako apaiz eta falangisten atzaparretatik libratzen, haiek bereizi egiten baitzituzten gehien gustatzen zi-tzaizkienak, ondoren bortxatzeko. Kanarietako elizak ez zuen begi onez ikusten Sor Amparo, “komunista” etiketa jarria zioten. Zergatik? Besterik gabe, haurren aurkako sexu erasoak eta jipoiak eragozten zituelako. Baita haurren salerosketa ere, Haurren Etxeko arduradunek saldu egiten bai-tzituzten falangistek hildakoen umezurtzak. Moja hura zen Mugimendu Nazionalaren zentro hartan zegoen itxaropen eta goxotasun oasi bakarra. Haurrak lasterka joaten ziren Sor Amparo besarkatzera, lekaime haren babesa bilatzen zuten tortura fisiko eta psikikoei ihes egiteko, San Jose auzoko Don José Martel apaiz sadikoak olibondo-zumitzez jo ez zitzan. Don Jose irletako oligarkiaren lagun mina zen, kanarietako genozidioaren erantzule, milaka errepublikar eta anarkistaren hilketa eta desagerpenen errudun. Asteburuetan familiarik aberatsenetako kideak iristerako, apaizak eta mojen Ama Nagusiak umerik politenak prest izaten zituzten. Erosleek begi urdin edo berdedunak izaten zituzten nahien. Mojen buruak eta alkohol-kirastun abadeak euren artean banatzen zituzten irabaziak. Kanarietako senar-emazteak etortzen ziren nagusiki, baina baita penintsulatik ere. Gehienak erregimenarekin loturaren bat zutenak. Haurrek negar egiten zuten ilaran jartzen zituztenean, neba-arrebak edo lehengusu-lehengusinak betiko agurtu aurretik. Andre-gizon haiek hitzek esan gabe zeharkatzen zuten haur-ilara, eta sorbaldan ukituz bereizten zituzten umeak. Azken hautaketa bulegoetan egiten zuten. Sor Amparok, minez txikiturik, haurrak besarkatu eta kontsolatzeko ahaleginak egiten zituen.

1939ko gau batean apaiz eta falangistek festa egin zuten aukeraturiko umeekin. Sor Amparo su batean sartu zen, sekulakoak esan zizkien, Jainkoaren hitza lokaztu besterik ez zutela egiten, basapiztiak zirela. Hurrengo goizean ohean hilda aurkitu zuten. Haren gorpua berehala ezkutarazi zuten. Veguetako hilerrian ehortzi zutela uste dute. 80 urteren buruan, falagisten oinordekoak armairutik irteten hasi dira.