NORK zer hazi erein bilzen dizi komunki, edo Biar dira erein azi onak frutu onak artu gura badira, edo Au ezta eregitia gastakeriya eta korrupzionia? Begira orai, ereiñatik bilyuko ttuzten ondoriyuak”. Hau da, ereiten duzuna batu egiten duzu uzta egiterako orduan. Herriaren jakintza da, eta lerdoen jakinbakotasuna.

Hauteskundeak iraganik dira (ba-tzuk), eta politikari guztiek kanpainaren ondorengoak eta lorturiko emaitzak aztertzeari ekin diote, egindako agerraldietako alde txarrak eta onak begiratzeko. Hala, batzuek buruturiko lana bidezkoa, zentzuduna eta argia izan delako ustea izango dute. Beste batzuek, ostera, bide oker eta gezurraren sasitzan murgilduta ibili direla konturatuko dira.

Sanchezen PSOEk irabaziak ditu Espainia aldean, eta orain gobernu progresistago bat osatzeko sekulako aukera izango du, baina bere afiliatuek Riverarekin ez elkar-tzeko ozenki esan dioten arren, jasoko dituen presioengatik Ciudadanosekin elkartzearen aldeko keinua egingo du lehenago edo geroago, izan ere, Espainiako indar politikoek, eta batez ere, ekonomikoek lasaitasuneko egoera politikoa exijituko baitiote. Ea oker nagoen!

Beste aldetik, Kataluniak eta Hego Euskal Herriak biziki ongi adierazi dute beste herrialde batzuk badirela, eta eskuin muturraren aurkako borrokan aitzindari bilakatu dira. Eskuineko alderdi espainolisten presentzia ia desagertutzat hartu ahal da Euskal Herrian, eta datua honakoa da: Hego Euskal Herri osoan Espainiako eskuin zaharrak bi diputatu lortu ditu soilik eta gainera bototan behera egin du nabarmenki.

Korrupzioak, muturreko eskuinera okertzeak, faltsukeriak inolako disimulurik gabe haizatzeak, eta aldarrikapen groteskoak egiteak faktura ederra pasatu diote PP alderdi prepotenteari. Alderdi horrek lortu dituen emaitzen harira, beste datu kurioso bat hasi da zabaltzen hainbat hedabidetan: PPk 66 diputatu lortu ditu Espainia aldean, eta han sarritan egindako ustelkeriagatik 87 pertsona ditu preso. Hots, alderdi horrek espetxe-zigorpean jende gehiago izango du kongresuan baino.