bI modutara bizi daiteke bizitza hau. Zure inguruari inolako arreta eskaini gabe, munduaz inolako galderarik egin gabe, edo jakin nahiaz: zure herriaren historia ezagutu nahiaz, adibidez; zure aurrekoek pentsatu zutena, idatzi zutena, marraztu zutena ezagu-tzeko eta ulertzeko gosez; ingura-tzen zaituen paisaia duela bostehun urte nolakoa zen imajinatuz...

Nik, zorionez, jakin nahiaren eredu bat izan dut familian. Basilio Eiguren Mendiguren zuen izena, nire aitabitxi izan da. Bere etxean altxor bat ezkutatzen zuen. Liburu, egunkari zati eta aldizkariz beteta zuen bere gela. Altxor bila-tzaile bat zen. Bere herri Lekeitioz maiteminduta (oraindik bere ahotsean entzuten dut: Le-ki-txo!), han eta hemen bilatzen zituen herriaren inguruko ikerketak, istorio zaharrak? Liburutegi eta artxiboetan ezaguna zen. Eta ohikoa zen bere etxera bisita egin eta liburu edo fotokopia batzuekin atera-tzea handik. Altxor bat balira bezala banatzen zituen. Eta bai, altxor bat ziren.

Bi modutara bizi daiteke bizitza hau. Ezerezetik jaio bagina bezala, edo ohartuta soka luze bateko katebegia garela, gu gaur bizi garen lekuan beste pertsona ba-tzuek inoiz pentsatu, eraiki, abestu, sortu zutela. Eta gu guzti horren fruitua garela.

Idaztea bizitza ulertzeko saiakera bat da; eta orain dela ehun urte idatzitakoa bilatzea ere bizitza ulertu nahi izatea da. Eskerrak munduan jakin minak bultzatuta gure aurretik egon zirenen ahotsak berreskuratzeko eta gordetzeko saiakera egiten duten pertsonak daudela. Haien jakinminik gabe, nekez ulertuko genuke nondik gatozen, eta oraindik zailagoa izango genuke asmatzea norantz goazen.

Basiliok bere gelan zituen guztien artean, bere alaba pontekoak ida-tzitako artikuluak ere gordetzen zituen. Gaurko hau ezin izango du gorde, pasa den astean hil zelako, baina nolabait adierazi nahi nion argi geratu zaigula ondo gordeta zuen sekretua: gu joango garela, baina guk sortutakoa betiko geldituko dela mundu honetan, zain, etorkizunean norbaitek bilatu eta irakurriko duen esperantza galdu barik.