eZ naiz ongi oroitzen nola jakin nuen Dylanen berri, baina bere historiak hasieratik harrapatu ninduen. Eskozia hego-ekialdean sortu zen, Oban izeneko herri txiki-ertain batean, Glasgow hiriburutik pare bat ordura. Duela lau bat urte familia Nafarroa Beherera etorri zen oporralditxo bat igarotzera, eta egonaldi hartan beste hainbatentzat oharkabean pasatzen den zerbaitetaz jabetu zen: hemen badela bidaia-agentzietan aipatzen ez duten herri bat, Europako hizkuntzarik zaharrenaren jabe dena. Dylanen jakin-mina ez zen mugatu bertakoren bati azaleko bizpahiru itaun egin eta “thank you” euskaraz nola esaten den galdegitera. Euskal Herriak arras xarmatu zuen, eta geroztik hona begira bizi da.

Sare sozialen bidez Dylanekin harremanetan jarri nintzenez geroztik elkar ezagutzeko aukeraren zain egon gara, eta atzo Zarautzen hamaiketako bat egin genuen gure seme Anerrek eta hirurok. Aita-semeak guztiz loriatu ginen eskoziar gaztearen xalotasunaz, jakin-minaz, euskara-mailaz. Euskaraz ez du ongi hitz egiten, bikain baizik. Hitanoa lan-tzen ari da, zuberera eta bizkaiera ere bai?eta eguraldiari buruzko hiztegiaz ikerketa bat egiteko asmotan da Euskal Herriko lau gunetan.

Gauza ederra da jakin-mina, jakin-tzaren oinarria. Bitxi da, eta miresgarri, eskoziar mutiko bat gure hizkuntza ikasi eta ikertzeko irrikaz sumatzea. Eta bitxi da, eta etsigarri, hemengo hainbat jendek zein jakin-min, interes eta begirune gutxi erakusten duen egiaztatzea. Mundiala haiz, Dylan.