Zirrikituetatik begira

Mila kilometro

09.02.2020 | 00:15
columnista juanra madariaga

EURIPEAN, elurpean, eguzki galdatan, haizepean, gau eta egun, milaka kilometro, saltoka eta korrika, galapan eta karraderan, lasterka edo antxintxika. Euskararen alde milaka korrikalari atera dira Euskal Herriko txoko guztiak lotu dituen bide miragarrian barna, hizkuntza txiki (handiegia) eta zaharrarekiko maitasunez bultzatuta; denok batera, kantuka eta arnasestuka, bertsotan eta dantzan, euskaraz.

Euskarak egiten gaitu euskaldun, eta horixe une orotan izango da baldin eta euskaraz egiten badugu, tai gabe, eta garena bagarela eta geure munduan euskaraz bizi nahi dugula esateko gogoa baldin badugu.

Jende andana (umeak, gazte koskorrak, gurasoak, aitona-amamak, tabernariak, mekanikoak, futbolariak, arrantzaleak, farmazeutikoak, fruta-saltzaileak, suhiltzaileak, okinak, sasi-korrikalari prestuak) biltzen du euskarak, eta hizkuntza hori erabilgarriago, duinago, ezagunago, handiago, komunikatzaileago eta indartsuago egiteko tipi-tapa kurritzen ditugu euskaldunok bidexka eta errepide askotako kilometroak.

Eta beti alai, beti pozik, beti euskaldun, maitasunak eta aldarrikapen historiko batek xaxatuta.

Korrikaren lekukoak 21. edizioko lehen arnasa Garesko plazan eman zuen duela egun batzuk, eta egunotan, 2.500 kilometro egingo ditu harik eta igandean, apirilaren 14an Gasteizera heldu arte.

Ikaragarria litzateke lagun guztiak zenbatzea, hatsaren bolumena jakiteko, atxikimenduen pisua lau haizetara zabaltzeko, baliorik gabeko hizkuntzatzat dutenei herriaren borondatea zein den esateko, aho bete hortz ixteko, betiko. Euskal Herrian ez ezik, Munich, Buenos Aires, Austria, Edinburgo, Washington, Amsterdam, Londres, Montreal, Bordele, Shanghai, Madril edo Mallorcan ere, jendeak tipi-tapa egingo du euskararen alde, euskara mundutar askoren hizkuntza baita.

Amets Arzallusek ere kantatu du egunotan: "Ametsaren bidean daramagun martxa, kontzientzia beti gure lehen urratsa. Luzatu zangoa ta lekukoa altxa, pauso oro emanez euskarari hatsa".

Nonbait norbait korrika ari da orain. Nonbait eta nonbait. Gora euskararen herria!