EZAGUTZEN dituzue berriak, orain egia kontatuko dizuegu” esanez hasten du saioa astelenetik ostegunera, duela 13 urte geroztik, Jose Miguel Monzón Navarro aurkezle, aktore eta umoregileak. Jarraitzailea naizen arren, benetako izen hori begiratu behar izan dut denok edo gehienontzat Wyoming Handia delako. 2006.eko martxoaren 30.ean estreinatu zenean %0,5 ikus/entzule kota izan zuen arren, azken hilabete edo urteotan bi milloi terdi lagun paratzen gara telebistaren aurrean aukera dugun bakoitzean behintzat. 1.800 ordu zuzenean, 2.000. programara iritsi direnerako, 98 langile tinkok, dagoeneko ia familia bihurtu direnak (bertan sortu diren bikoteen artean 32 haur berri dituzte dagoeneko) egiten dute posible erronka hori; eta siaoak duen osasuna ikusiz luzarorako daudela dirudi, Sandra Sabatés Wyoming-en lagun-tzaile behinenak, ostegunean esan zigutenez.

Balitza zutabea abiatu dudan esaldia pixka bat harroputza iruditzea. Egi osoaren jabe zarela sinestea harrokeria delako, baina notiziaren inguruan ahal eta zehatzen arakatzea, kazetaritza duin bat egitea besterik ez da. Politikaren presioetatik landa, gizarte ahalik eta zintzoen informatzearen alde. Umoretik informaziorik serioena emateak meritu itzela du. Irribarrez esan eta entzunez jakin beharrekoak hobeto mamurtzen laguntzen digutelako. Bitxia eta esanguratsua dirudi, kalera atera eta Madrileko auzo pobre eta aberatsetako jendeen iritzia nola biltzen duen Thais Vila lankideak, edozein politikari surbiltzeko gai den neska alaiak. Beste hainbeste Gonzo jaunak, erabat aurka dituen politikariei atera ezinak ateratzen dizkienean. Umore gordina, bainan ez hutsa, Dani Mateorena, besteak beste Valle de los Caidos-i egin zion txisteren bategaitik eskuin beltza bere atze jarri duena. Denak ala denak farmazia baten sortu eta hasi, medikua egin eta bizitza ikuskizunera bideratu zuen orotariko artista horrek gidatuz. Hark esaten duen bezala: “Hau da dena gaurkoz, hurrengo asteartez bueltatuko naiz gehiagorekin, baina ez hobearekin, hori ezinezkoa delako”.