gogoan dut, unibertsitatean, historia ikasgaiaren sarrera-egunean, irakasleak nola esan zigun historia egunero berridazten zela. Ikasle zarenean, horrelako baieztapenak ez dira batere gustuko izaten. Izan ere, behin ikasitakoa (asko kostatzen baita), betirako izan dadin nahi izaten da. Berritu, berriz ere pentsatu eta eguneratzen ibili beharrik gabe. Baina bai, historia behin eta berriro idazten dela ikasi genuen, historia idazten duenaren lumaren arabera, historia kontatzen duen subjektuaren interesen moldera. Hartara, historia ulertzeko autoreak fokua non jartzen zuen jakin behar genuela ikasi genuen eta ezagutu nahi genuen historia atala esku artean hartu aurretik, lehenbizi, historia atal horren kontaria ondo hautatzen.

Oroimen historikoa, beraz, ofizialki ontzat eman diren kontakizun asko eta asko berriz ere kontatzeko eskubidea aldarrikatzea dela esan genezake. Historia horiek kontatzean esatekorik izan ez zutenen ikuspegia eta bizipenak txertatzeko eskubidea, bada. Eta, ondorioz, historia “berriz” kontatzeko aukera izatea. Hala egin du Lopez Obrador Mexikoko Presidenteak, Espainiako Erregeari barkamena eskatzeko egin dion deiaren bidez. Lopez Obradorrek, itxura guztien arabera, azpiratutako herritartzat dauka bere burua. Espainiako Erregeak, ordea, ezin duela orain 500 urte gertaturikoak egungo ikuspegitik epaitu erantzun du, ezin baitu onartu berak ordezkatzen duen herriari zerbitu zioten konkistatzaileen izena zikintzeko ezein ekimenik.

Ezer egin ahal bada, ostera, garai bakoitzean indarrean dauden balioak ezagutzea da. Balio horien arabera egiten baitira gerrak eta idazten historia. Balio horien arabera egiten bada irakurketa berria, gertatutakoa ez da aldatuko, noski, baina bai idatzita gelditu den historia interpretatzeko modua. Baliteke Lopez Obradorrek horrelako zerbait nahi izana: lehenaldi hartako zein taldetako oinordeko sentitzen den esatea; bere herriari aukera hori eman nahi izatea. Azpiratutako herri gehientsuenek duten premiari erantzutea, alegia.