KASU jakin batek ezin du izan legediaren oinarri. Maria Josek izan duen gaixotasuna, Angel senarrak grabaturiko bideoa, eman dion zianuro dosia? horren baitan ezin da legerik idatzi. Baina gertatu berri den egoera lazgarri horrek balio behar liguke gizarteak garrasika eskatzen duen protokoloa behingoz bideratzeko. Kasu hori eta gerta daitezkeen gainerako guztiak kontuan hartuko dituen legedia behar dugu. Izan ere, bizirik gauden bitartean hainbat erabaki hartzen ditugu, batzuk oso berrikitan eskuratutako eskubideak dira gainera; sexu aldaketarena, esate baterako. Hori legez araututa dago. Bilakaera bat behar du, balorazio psikologiko bat, epaile baten oniritzia. Era berean, bizitzaren azken fasea ere arautu beharra dago. Bizitza duinak heriotza duina izateko eskubidea behar luke. 25 urtez bere kabuz baliatu ezinik dabilen pertsonaren erabakia ez da une bateko hautu apetatsua. Gero eta mendekotasun handiagoa, gero eta ahal apalagoa, egunetik egunera ahulago, jana irensteko edo arnasa hartzeko zailtasunak, etxetik irteteko biderik ez, inorekin komunikatu ezin, eta, legediak hiltzen uzten ez diolako, berak duin irizten ez dion bizitza bizitzen jarraitu behar, legezko irtenbirik gabe. Ez, ez da bidezkoa. Angelek zaindu egin du Maria Jose. Emazte erkinduaren beso eta zango izan da, gaitz madarikatu eta errukigabe batek eragindako atzera-bueltarik gabeko prozesuaren uneoroko lekuko. Emaztearen bizitzari falta zuena eransteko ahaleginak egin zituen, harik eta gaixoak gehiago ez zuela jarraitu nahi adierazi zion arte: “Angel, hil egin nahi dut”. Hilpoza bizipozari gailentzen zaionean, eritasunak itzulbiderik ez duela ziurtatzen denean, gaixoak hil nahi duela kontzienteki esaten duenean, gizartearen eginbidea behar luke hori legez bideratzeak. Erlijioen guruek edo sineskeria moralek zernahi diotela ere, Angel ez da hiltzailea. Aingerua da.