hELDU behar zuen, eta heldu da. Euskal Herrian Euskaraz-ek aurkeztutako Egia, aitortza eta erreparazioa euskaldunontzat manifestua. Euskaraz hitz egitea debekatzeak gure herriarentzat eta herritarrentzat suposatu zuen sufrimendua argitara eman eta aitortza eta erreparazioa eskatzea; umiliazioa, mespretxua, azpira-tzea eta euskaldunen nortasuna gutxiestearen ondorioak jakitera ematea, alegia. Gure guraso izan litezkeen hainbat nagusiri jasotako lekukotzen lagin txiki bat aurkeztu du EHE-k bideo hunkigarri batean. Bertan, euskaraz egiteagatik eskolan eta herrian zer nolako tratua jasan behar izan zuten azaltzen da: zigorrak, isunak, burlak? baina okerrena, bideoan parte hartutako hainbatek aitortzen duen bezala, “gu nor ginen azaldu ezina zen”, “ginenagatik zigortuak eta anulatuak izatea”, “gorrotoa ziguten”. Iparraldeko amatxi batek zioen, “ez ginen beraiekin (frantsesekin) jolasten ahal”. Aitortza hau Itxaro Bordari ere entzuna genion, Zortzi unibertso, zortzi idazle liburuan. “Beste arrazako” zirela euskaldunak, “behar ez zen leinuko”.

EHE-k jakitera eman duen bezala, norbaiti bere lehen hizkuntza kentzen badiote, bere izatearen muinean eragiten du mutilazioa. Iparraldeko amatxik zioen bezala “orduan galde egiten bainuen, nor naiz ni?”.

Gertatutakoa ezagutzera eman behar da. Sufritu zutenei barkamena eskatzeko. Nor ziren eta nor diren argi uzteko. Hura guztia ez zela debalde izan adierazteko. Une honetara nola heldu garen eta zergatik gauden gauden bezala jakiteko. Eta gaur egungo gazteek uler dezaten euskaldun izatea ez dela bigarren mailako. Zeren eta oraindik orain, herri txikietako gazteak hirira euskaraz hitz eginez doazenean, eta hirietako kaleei euskararen doinua inprimatzen dietenean, “baserritarrak” direla entzun behar izaten baitute. Edota euskarak izendun lantokietan lan egiteko ez duela balio. Edo seme-alabentzako ikastetxea aukeratzerakoan, euskara ez dela etorkizuna esaten duten gurasoak.

Askeak gara nahi duguna pentsa-tzeko. Baina ez euskara eta euskaldunak bigarren mailako direlako.