Asteburuan Baionan izan naiz, Euskal Idazleen Elkartearen Batzar Orokorra estakuru. Bertan, 2018ko egitasmoak eta urteko balantzea onartu eta 2019rako aurreikusitakoak aztertu ondoren, hausnarketarako tartea ireki zuen lehendakariak. Eta gai askotarikoen artean, lurraldetasunaren aferak harrapatu gintuen, enegarrenez, etxeko lanak egin gabe. Elkartearen asmoa EAEtik kanpo ere elkartearen lurraldez lurraldeko erakundetze prozesua abiatzea da.

Lapurdiko bazkide bat luze aritu zen estatu ezberdinetako legedien azpian egoera desorekatuan euskal letrak, euskara eta euskal kultura sustatzeko egokitu zaien egin beharreko lana ezagutarazi nahian. Eta harridura agertu zuen iazko urtean “hegoaldean” Euskaraldia antolatzera bultzatutako premiak. “Hegoaldeko euskararen ezagutze maila nahikoa zela sinestea nahiago nuen” aitortu zuen, “ahobizi askok euskaraz ez dutela egiten jakitea baino; hemen, irla batean bizi gara euskaradunok”.

Bazkaltzera joan ginenean, “iparraldetik” at eginen ditugun lan orotan, irlako gizon eta emakumeen baliabideak “hegoaldekoenekin” bateratzeko eskatu zigun, arren. Eta, ondotik, irlatik irteteko txaluparik ez duela konturatzen den naufragoa balitz lez, Euskaraldiaren karira , euskalkien egoera nola bizi ote dugun galdetzea bururatu zitzaion.

Aipatu galderari erantzuten ez zen erraza. Are gutxiago aurreko guztiak entzun ondoren. Eta bazkalondoak errazten duen indarra lagun, etorkizunean ere euskara batua izango dela euskararen lurraldeak bateratuko dituen hizkuntza eran-tzun zitzaion. Eta, euskalkiak, batua etengabe aberastuko duten iturriak. Lapurtarrak berehala jarri zuen testuinguruan erantzuna: “Frantziako telebistan frantses zuzena egin behar den bezala, beraz, frantsesik frantsesenak eta etorkinik berrienak ere maila berean errespetatu behar dutena”.

Ondorioztatze xaloa zirudien hark pentsakor eta mutu utzi gintuen mahaikideok. Egunero jatera ohituta gaudenoi, egun bateko gose greba egitea nahikoa dela iruditzen zaigula esan izan baligu bezala.