NEGUA joan da eta? dio kanta famatu batek. Bedatsea, primadera hasi berri da, eta atzean gelditu dira izan ditugun izotz, eurite eta elur kontu guztiak. Eta batzuen-tzat bereziki. Udaberriaren heltzearekin batera Alex Txikon, K2ko kanpamentu nagusiko traste guztiak batu, eta etxera bueltatuko da. Joan den urteko abenduaren hondarretan abiatu zen Pakistanera hango mendirik altuena igo-tzeko xedez. Zorteak baina, ez dio irribarrerik egin, eta Lemoara bueltatuko da esku-hutsik, K2ko gailur bakartia zapaldu gabe.

Ia hiru hilabete eman ditu hotzak harriak xehetzen dituen eremu hartan, munduko bigarren altuenaren odola xurgatzeko, hortzak estututa bere maldetan gora eskalatzeko, elurte, izozte, eta haizete guztiei aurre eginez, muturreko tenperatura hilgarriak pairatuz, eta neguko bizia ikaragarriaren paisaiarekin gozatuz. Hiru hilabete etxetik urrun, iglu baten barruan sartuta, bertako haize ufadekin ez zoratzeko, eta gaueko hotz lazgarriarekin ez hiltzeko, eta behar den deskantsua hartu ahal izateko. Hiru hilabete familiarengandik urrun, inolako erosotasunik gabe, nekeak jota, duda-mudatan, estrategia onena erabakitzekotan, eguraldiaren apetaren menpean, eta ametsari forma emateko gogo aseezinarekin.

Zazpi mila metrotaraino igo da bere kide ahaltsuekin batera, izan ere, mendiak ez du inolako aukerarik eman tontorrerainoko saio bat egiteko, bere bizarretan gora abiatzeko, bertako klimatologia kontra izan baitu alpinista euskaldunak.

Baina Alexek ez ditu indarra eta motibazioa erraz galtzen, inondik inora; eta etxera heldu baino lehen badabil datorren urteko erronkari molde berria ematen, egindakoari buruzko analisi burutsuak egiten, ikerketa alpinistikorik onenak burutzen. Izan ere, Alexek hara bueltatu nahi du. K2 zain dauka. Paraje altu haiek, oxigenoaren eskasiak bizitza eta heriotzaren arteko marra pintatzen den lursail haiek ez dira toki egokirik edonoretzat. Batzuek baino ez dute izango neguko alturako usain berezi hartaz gozatzeko gaitasun miragarria. Eta bide-urratzaile horien artean, Alex Txikon lemoarra duzue.