ASKO eta asko idatzi, esan eta erakutsi da egunotan, historian zehar EHko politikari goren ez bada ia goren izan den Xabier Arzalluz-en inguruan. Arrazoiz, Alonso lerdoarena edo Ortziren aketsen batetik landa, Azkoitian sortua, munduan ibilia eta Bilbon errotua izan den jesuita ohia goratzeko edo gutxienik errespeto handiz aipatzeko. Iritzi zutabeak izan dira biderik erabilienak, prentsa idatzian behintzat. Asko, harekin izandako bizipenak, eztabaidak edota anekdota hutsak. Gutxi izan arren neronek ere badut aleren bat eta zorra kitatuko dut gaurkoan.

Deustuko Jesuiten Unibertsitatean ezagutu nuen, Gizarte Zientziak ikasten jardun nuenean. Irakasle ilustreak genituen eta hauen artean Arzalluz aipatua. Haren aurretik igaro geranoi ez zaigu ahaztuko, jaka kurutzatuzko traje urdin ilunez eta zapata beltz haratzekin astean hiru egunez nola azaltzen zen. Gehienok erabili dugu ahotan, eskuan, hutsik gabe, ekartzen zuen sansonite beltz txukuna, berarekin bi urtez izan ditudan saioetan sekula ireki etzuen arren. Behin ere etzuen paper edo apunte bakar bat erabiltzen. Buruz ematen zuen klasea eta itxura eta jarrera serioa izan arren, umore punttu bat jartzen zuen noizean behin. Beste oroimen nabarmena, astelehen eta asteazkenetan lantzen zituen gaiez edo beste edozeinez, ostiraletan denen artean eztabaidatzen genuela. Erabat irekiak eta libreak. Garai haietan, 1973/74an klandestino kutsua ematen zion jardun horri.

Ezker Abertzalean, hainbat urtez, erabat lerrotua izan eta gero Xabierren lagun kuttuna egin zen Txema Montero abokatua izan nuen gelakide eta inoiz baino sarriago mahaikide, ikuasturte haietan. Batez ere ostiraletako jardunetan. Behin, hark edo nik, arreta ere eman genion maixuari honako hau bota zuenean: “Como abogado he defendido hasta troscos.””. Errespeto falta atxiki genion baina etzuen ia segundurik eman erantzuteko. “Sé bien lo que digo”. Izan ere ez zen batere erraza haren mailako eta ideologiako abokaturik aurkitzea holakoetarako. Agur eta ohore, Xabier!