Zirrikituetatik begira

Yolanda, gogoan!

07.02.2020 | 22:58
Columnista Josu Torre

EKITALDI bat xumea izan dela esaten da maiz, askotan harrokeriz, espero zen arrakasta edo gehiago izan duenean ere. Igande honetan, Deustuko Erriberan egin dena benetan xumea izan da, edozein plaza erraldoi baten ospatu zaiteken beste bero, emozio, indar edota edertasun izan duen arren. Ehun bat edo gutxi gehiago, adin guztietako, lagun izango giñan etxeko eta lagunen lore eskaintza bezala, aurresku bikain bat eta hurkoen hitzalditxoak hunkiturik bizi genuenak. Auzokide gazte batek, kitarraz zuzendurik, Milanes kubatarraren Yolanda denok kantatuz amaia eman genion ekitaldia.

Yolanda, edo haren oroimena, zelako haren izena duen plazatxora eraman gintuena, 39 urte eta bi egun betetzen zirelako modurik ankerrenean hiru fazistak 19 urteko gazte deustuarra erail zutenetik. Ankerrak benetan izan behar, haren Madrileko etxean sekuestratu, inon bortizki torturatu, hiru tiroz akatu eta hiriburuko bazter baten hilotza laga zutelako. Krudelak! Sindikalista izateko gogoak bezala maitasunak eraman zuen gazte lirain ekintzailea Espainiako hiriburura, ikasketa, lana eta politika tartekatuz bizi izana etzen itxuraz eskuma muturreko kriminal haien gustuko eta agian hori izan zen akatzeko motiboa.

Hori eta gorrotoa, herra. Ezin litzake bestela ulertu 38 urte geroago, iaz eta aurten Madrilen Yolandak duen oroigarritxoa hainbat aldiz zikindu, margotu, hautsi eta eraitsi izatea. Hor hemen ari gara orain azaleratu diren Vox eta antzekoek hor zeudela eta Yolanda González izeneko parke txiki horretan egin dutena da horren adierazgarri.

Erraza egiten zait 1980.eko otsailaren 1. gogoratzea; UCDko Gobernuaren krisigunean ETAk Bizkaiko Ipasterren sei guardia zibil akatu zituztelako eta, areago, Yolanda Madrilen sekuestratu zuten ordu berean, guardi zibilak neu sekuestratu ninduelako eta zazpi egunetarako La Salve-ra eraman. Han barnean ematen duten tratua ezaguna da eta zazpi egun, luzeak dira, holakoetan. Zazpi urte geroago epaitzera eraman genituen eta kondenatuak izan ziran. Dena den, nik kontatu nezake. Yolanda González-ek ez.