Nahiago nuke oker banengo, baina ez dut ez leialtasunik, ez eta ganorarik ikusten ere... Eta egoera horrek bakar-bakarrik indartzen ditu oposizioan daudenak. Desiragarria litzateke bestelako kemena eta ausardia erakustea, Espainiak barrura-tzen dituen zailtasunei eta ezin atzeratuzko eraldaketa instituzional, ekonomiko eta sozialei ekiteko. Indarrik eta norabiderik, ordea, ez dut inondik inora antzematen.

Azkenaurreko arazoa espioitzaren kontuak ekarri du. Estatuko egiturek soilik eros dezaketen programaren bidez, dozenaka herri-ordezkari, gehienak gobernua sostengatzen dutenak, zelatatu baitituzte... Orain gobernuko zenbait kide zelatatu dituztela ere azaldu da. Berriro ere ganorazko azalpenik ez da eman, nork aginduta eta zertarakoei buruz. Horiek horrela, horren hedapen luzeko espioitza tartean egonda, ez dirudi ustezko delitu zehatzak jazartzeko asmoz bideratu denik. Aitzitik, alderdi jakinen ildoa edota zelatatuei buruzko informazio pertsonala jaso-tzeko asmoz egina izan dela pentsatzea logikoa da, interesatzen denean erabilia izateko eta hedatu ahal izateko, boterearen estoldei bozgorailua jartzen dieten hedabide jakin batzuen bitartez.

Egoera ez da barre egiteko modukoa, ez eta ez ikusiarena egiteko ere. Gertaera larria da, arrakalatzen ari zen konfiantza are gehiago pitzatzea dakar eta. Gobernuak sinesgarritasuna irabazi behar du baldin eta legealdiaren akaberara iritsi eta segi-tzea nahi badu. Batetik, gertaerok argitu behar ditu, daudekeen erantzukizunak oso-osorik hartuz eta zurituz. Bestetik, bestelako harreman-bide bat eraiki behar du gobernua sostengatzen duten alderdiekin, emandako hitza betez, alderdien babesa behar duten erabakiak sasoiz jakinaraziz eta partekatuz, adostasunak bilbatuz eta ekimen erkidea antolatuz. Bestela zulora doa, eta zail suertatuko zaio zulo horretatik tarte batean irteteko modurik aurkitzea.