Hasteko, harridura. Ez dakit hogeita lau milioiko komisioa jasotzen duenak zein zerbitzuren truke jaso duen... Era berean, ernegua sorrarazten du txapelketa horretan jokatu behar duen Bartzelona futbol-taldeko jokalari batek eskandaluzkoa den ditxosozko komisioa ohikotzat jotzea, bai eta gainontzekoei zein mundutan bizi diren galdetzen ibiltzea ere. Ez dakit izerdirik ere bota duen. Seguruenik, nahikoa izan du leku jakinetan dauden batzuen bultzadatxoa, mesede edota bestelakoen truke jasoa, bai eta munduan barrena beste irudi bat emateko aukera baliatu nahi duen Saudi Arabiaren interesa ere. Azal lodia behar da ohikoa ez dena, ohikoa dela lau haizeetara barreiatzeko, norberaren interesak gainontzekoenak balira saltzeko... Madrilen, maskaren eta eskularruen auzian, beste batzuek egin duten bezala.

Federazioko buruaren itxuragabekeria ez da atzean gelditzen. Iraingarria da emakumeek Saudi Arabian jasaten duten bazterkeria argudio-tzat hartzea operazioa zuritzeko. Ezin omen zion Federazioak halako kontuei bizkarra erakutsi eta berdintasunaren norabidean ekarpena egin nahi omen zuen. Bistakoa denez, argudio hau operazioa are errazago irentsarazteko eraikitako kontua da, ez besterik. Gizon eta emakumeen arteko berdintasun egiazkoa ahalbidetzeari doakionez, Espainiako Futbol Federazioak ez baitauka Saudi Arabiara joan beharrik, Espainian bertan nahikoa zeregin dauka-eta, berdintasun eza eguneroko ogia baita kirol horretan zein beste batzuetan.

Nago federazioetako funtzionamendua demokratizatu eta gardentasuna ezarri behar dela, maila funtzionalean zein ekonomikoan, horretarako, behar diren neurriak eta erabakiak hartuta. Halakoei izkina egiteko, hainbatetan, erakunde pribatuak direla baieztapena erabili ohi da. Ai-tzitik, federatutako kirolarien, gizartearen eta, baliabide publiko ugari xahutzen dituzten neurrian, herri-erakundeen interes orokorrak kontuan hartuta, uste dut arrazoizkoa dela gutxieneko neurriak eta arauak ezartzea. Hartara, hala-moduzko kudeaketa ekidingo genuke, karguetan jende batek irauteko izaten duen grina moztuko, bai eta interesak gurutzatzea baztertuko ere.