Eguzki-galdatan ibili nabilenean ez dakit zergatik ezin naizen popa bistan ibili, norbait eskandalizatuz gero, ez baitu beste aldera begiratzea edo begiotan tapakia jartzea besterik! Zinez, ez dakit zergatik ezin dudan zaborra kale bazterrera, hondartzetara, landa-eremura, mendira zein itsasora bota... zergatik ukatzen didaten zaborrarekin nahi dudana egin dezadan; zergatik establezimenduek ordutegia daukaten, zergatik mugatzen duten nire askatasuna, nahi dudanean hurbildu nahi dudana erostera; zergatik ezin ibili naitekeen kale-edanean. Norbait molestatuz gero, ez baitauka kristal bikoitzak, hirukoitzak eta behar direnak eta udan aire girotua abian jar-tzea besterik! Gogoa eta beharra daukadanean, zergatik ezin dut txiza eta kaka kalean bertan, nahi dudan tokian, egin? Mekanguenla... askatasuna! Dedio!

Aitortu behar dut berotu naizela... Gaur eta hemen naziek judutarrak edota zuriek Hegoafrikako beltzak tratatzen zituzten eran tratatzen gaituzte... Eta hori guztia murrizketen aurka eta txertoen kontra nagoelako, gaudelako! Ostalariak ez dira poliziak, ez dute covid pasaportea eskatu beharrik... eta pentsatzen hasita, bankuetan, hoteletan, hegazkina hartu behar dudan bakoitzean... txintik esan gabe zergatik erakutsi behar dut horren erraz dokumentazioa hor diren beharginak poliziak ez direnean? Zuzendu behar dut jarrera hori, kontra nago eta!

Ondoan dagoena gogaitu da... eta etsitu antzean diost, "zure arduragabekeria tarteko, izurriteak harrapatzen bazaitu, zergatik gainerakook hartu behar ditugu gure gain horren ondorioak? Medikuek zergatik ezin dituzte oporrak hartu, besteak beste, zu bazterrean, etxean lagaz? Zergatik erietxera iritsita, ez diozu ukorik egiten eskain-tzen dizutenari, gorputzean eragin diezazukeen kaltea gorabehera; zergatik pasa den udan egin zenuen bidaia egin ahal izateko, eskatu zizuten beste txerto hartu zenituen, inolako manifestaziorik sustatu edo kontrakotasunik erakutsi gabe... Beharbada, egiten dituzun galdera guztien erantzuna sinplea bezain sakona da: ez zara bakarrik bizi, Perrexil uhartean, gizartean bizi zara eta zure jokabideek eta zure erabakiek ez dute zugan bakarrik eragiten!".