Ingurumari horretan, euskal abertzaletasunari doakionez, EAJ alderdia da gure gizartea eta lurraldeak bilbatzen eta norabide jakina ematen saiatu den mugimendu abertzalerik iraunkorrena eta sendoena, pertsonak eta printzipio demokratikoak hastapenetik ardatz dituena. Baina beraren ekarpena ez da mugatu guretzat ohikoak diren nazio ezaugarriak sortzera eta barreiatzera, autogobernuko erakundeen, kulturaren eta hizkuntzaren biziberritzean giltzarri diren elkarte eta erakunde andana sortu baitira haren ekina tarteko dela. Aldi latzak, bai eta esperantzaz betetakoak ere bizi izan ditu... Hanka-sartzeak ere egin ditu, baina, gehienetan, asmatu du, eta hortik datozkio gizartearen zati zabal baten babesa eta bultzada.

Gaur egungo gizarte modernoetan, aldaketak sasoi batean suertatzen zirenak baino are bizkorrago jazotzen ari dira... eta arazo ugariri bilatu behar zaie erantzuna: demografia, ingurumena, trantsizio energetikoa, elikagaien ekoizpena, lurraldearen antolaketa eragingarria, mugikortasuna, trantsizio teknologikoa, ehun ekonomikoaren eraberritzea, migrazioa, hizkuntza eta kultura txiki baten biziberritzea, emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna eta abar. Inoiz baino bizkorrago mugitu, sinergiak eta aukera guztiak baliatzeko antolatuago jardun, ekimen sendoagoa erakutsi beharko dugu gure gizarteak abian segi dezan nahi badugu... eta abian jarri ahal izateko, berebiziko garrantzia dauka pertsonengandik eta gizartearengandik hur-hurrean egoteak, entzuteak eta partekatzeak, geroago, eskuartean daukagunari eran-tzun ahal izateko.

Gaurko gizarteetan gero eta pisu handiagoa dauka norberekeriak... Jarrera horrek daukan bidea, ostera, laburra da. Elkarrekin aritzeko, adostasunak bilatzeko eta eskuz esku aritzeko sasoia da, elkar hartuta, iraganean bezala etorkizunean, alderdi baten helburua irautea ez dela aintzat hartuta, sorrarazi zuen gizartearen zerbitzuko jardutea baizik. Ilusioz ekin, eragin, eraiki eta biziarazi! Hargatik, nioen, iturri, alderdi, zaharrari etengabe darion ur berria edaten dugula, askotarikoa den gure gizartetik datorren ur hori delarik erronka zahar zein berriei heltzeko bizigarria.