Atzera begiratuz gero, garrantzi-tsua izan da beste sasoi batean onartutakoak sistemari eman dion egonkortasuna, aldian-aldian hobetzen joateko aukerak eskaini ditu-eta. Bestelakoa izan da, ordea, Espainian jazo dena, lege bat bestearen atzetik etorri delako, gobernatzen zuenaren apetaren arabera. Espainiako alderdi nagusiek gutxietsi egin dute, gizartea eraldatzeko eta berritzeko helduleku gisa, hezkuntzak daukan garran-tzia eta bestelako kontuetan endredatu dira, eztabaida ideologikoetan eta sistemari ikuspegi zentralizatua ematean, hain zuzen.

Edozein araubide eguneratzea eta egoera berrietarako moldatzen saiatzea garrantzitsua da, betikotu beharrean. Hortaz, berebizikoa da hezkuntza lege berri baten inguruabarrean, adostasun berriak ehuntzea eta, sistema malgutasunez moldatzea, bizi gaituen errealitate aldakorrari erantzuteko helburuz. Horrek, orobat, gizarteari galdetzea eskatzen du, bihar-etzi iritsi nahi genukeen gizarte-eredura iristeko ezinbesteko abiaburua baita hezkuntza. Ikasleak, gurasoak, askotariko profesionalak, egiturak, alderdiak, sindikatuak eta abar deituta daude baztertu ezinezko zeregin horretara, adostasunak landuz eta erdietsiz... betiere, norberaren zilborrari baino ikasleak eta bere inguruak ardatz hartuz.

Eta komeni zaigu eztabaidari era orohartzailean ekitea: gaurko eta bihar-etziko ikasleen ezaugarriak, beharrak eta bizi osoaren ildoan barruratu beharreko gaitasunak eta askotariko helburuak; irakasleen hasierako eta bukaerako profilak; profesionalen etengabeko prestakuntza eta eguneratzea; etapen arteko koordinazioa, helburuen eta metodologien partekatzea eta ebaluazio jarraituaren kontua; hezkuntza eta hizkuntza proiektu orohartzaileak, eskola bakoitza eta bere ingurua kontuan hartu eta prozesu guztiak kudeatzeko eta eraldatzeko tresna gisa; hezkun-tzako eragile guztien arteko lankidetza eta helburuen partekatzea, baldin eta lortu nahi direnetara iritsiko bagara; irakasle ez direnen lana duintzea eta beraien ekarpena aitortzea, hezkuntza prozesuetan; unibertsitateen eginkizuna, gizarte honen zerbitzura dauden eragile gisa; bizi osorako hezkun-tza; hezkuntza administrazioaren eraldaketa, bera delako hainbatetan eboluzioa galgatzen eta oztopatzen duena eta abar luzea... Horra hor lege berri batek bidera-tzen lagundu beharrekoa... Hori guztia gure gizartean eta munduan bizi diren pertsonak, ikasleak, ardatz hartuta, gure errealitatetik abiatuta eta munduari erreparatuta.