Urrutira begiratzen dugu, lagun hurkoari errua bota, egin dezakegunari heltzeko gogorik ez daukagula. Zenbat zabor sorrarazten, zenbat energia xahutzen, zer-nolako kontsumo ohiturak dauzkagu barruratuta klima-aldaketan eta ingurumenean ere eragina dutenak? Pairatzen ari garen krisiari nazioartean ez ezik tokian-tokian ere heldu behar diogu, eta ezin dugu pentsatu nazioartean ganorazko erabakiak hartzen ez direla, guk geuk orain arte bezala segitzeko. Hori horrela, tokian-tokian jardutea garran-tzitsua da, egoeraz jabetuz, konpromisoak hartuz eta pedagogia soziala etengabe eginez... Baina ohar gaitezen bi norabidetan egin behar dela ahalegina, politika publikoak tartean direla eta herritarrek helburuak partekatu eta norabide bereko ekarpentxoa egiten dutela. Beraz, herritarrak ere ahaldundu, partaide eta eragile bilakatu behar ditugu klima-aldaketari eta ingurumenari egiten ari gatzaizkien hondamendiari aurre egiteko orduan.

Eta politika publikoez ari garenean, komeni da ohartaraztea ezer gutxi aurreratuko dugula klimari aurre egiteko erabakiek eta egitasmoek jada izorratu dugun ingurumenari are kalte handiagoa egiten badiote. Eskuartean daukaguna krisi klimatikoa eta ingurumenekoa da, eta bi-biak osoro eta modu bateratuan jorratzea komeni da botere publikoen aldetik. Plaka fotovoltaikoak jarrita ezer gutxi aurreratuko dugu, sortutako energia garraia-tzeko, ehunka kilometrotan eta lehendik daudenei erreparatu gabe, gure mendiak eta basoak dorrez josten baditugu, bazterrak are gehiago okupatu, inguru horietan bizi direnak izorratu eta sareen saturazioa, nonahi eta nolanahi, bultzatzen badugu... Pentsa dezagun zer egin behar dugun sortzen dugun zaborrarekin, gehien sortzen den tokietan albait gehien kudeatuz, jende gutxiago bizi den tokietara eramaten ibili ordez, bideak zabor txangozalez beteriko kamioiez butxatu beharrean. Hitz egin dezagun eragingarritasunari, energia gutxiago kontsumitzeari, tokian tokiko produktuak ekoizteari eta kontsumitzeari, mugikortasun-eredu jasangarriari eta kideko beste gai batzuei buruz... Eta saia gaitezen adostasunak ehuntzen eta bideratzen, betiere, pertsonak eta askotariko eremu geografikoak uztartuz.