ATZOKIEN eta halakoen kontra gauzatxoak egitea ez duela ondo ikusten baieztatu du EH Bilduko idazkari nagusiak, bidenabar, Sortuko buruzagia ere badenak. Izan ere, azken hileotan indartu dira halako erasoak, inoiz akaberarik izan ez dutenak... Baina harridura sorrarazten dute halakoen aurrean erabiltzen diren hitz lausoak eta neurtuak, halakoekiko nolabaiteko ulerkortasuna iradokitzen dutenak. Halaber, gertaerei garrantzia kentzen dabiltzanak salatzen ari dira jazoera horien kontra ahotsa altxatzen dutenak zerbait ezkutatu nahian ari direla eta, beraz, ez zaiela garrantzirik eman behar... eta kanpaina antolatu horren atzealdean ari direnek, segitzeko babesa dutela iritzirik, segitzea erabaki dute. Are errazagoa zatekeen erasoak salatzea eta bertan behera gera daitezen etxean egin beharreko lanak egiten, baina ez espero, sagarrondoak udarerik ematerik!

Arazoa beste bat da, nire ustez. Bizikidetzarekiko eta printzipio demokratikoekiko hamarkadetan zabalduz joan den lubakia, hain zuzen. Europan barrena zer esango lukete alderdi demokratikoen kontrako erasoak halako maiztasunez eta inguru beretik egingo balira? Bada, halakoetatik era nabarian aldentzen ez direnek ez luketela bizitza demokratikoan normaltasunez esku hartzeko modurik izango. Ezin har baitaiteke normaltzat alderdien kontrako erasoak edota desberdin pentsa-tzen dutenen kontrako jazarpena eta mehatxua, azkena, Gasteizen gertatu dena. Halako gertaerek gaitzespen irmoa behar dute denon aldetik... arazoak ekidin nahian, iraganean zein orain, trena nola igarotzen den begira geratzen direnenena ere bai!

Antzerki-saio, pelikula eta an-tzekoetan, badira pertsonaiak gazteagoei sasoi bateko gertakizunak kontatzen dizkietenak. Nere buruari galdetzen diot pertsonak akabatu, mehatxatu, jazarri edo, besterik gabe, desberdin pentsatzen dituztenak arbuiatu dituztenak, harro ote dauden egin duten ekarpenaz, kontatzeko modukoa ote den haien iragana eta oraina... eta horixe da kontakizunaren inguruan askatu gabe daukagun maratila.

Izan ere, indarkeriaren arrimuan, sufrimendua gizartera-tzen eta hedatzen lagundu dutenek beste indarkeria batzuk behar dituzte alboan haienari pisua eta garrantzia kentzeko edota zuritzeko. Hemen arazoa ez baita gure iragan hurbilaren askotariko kontakizunei bidea ematea, batzuek iraganean jazotakoekiko duten saihestezinezko erantzukizuna ezabatuz, bizikidetzaren oinarrizko zorua eta habeak partekatzea baizik. Eta azken hau egiteko kapazak ez bagara ez dugu gizarte bezala aurreratzea lortuko, ez eta gure iraganarekiko kapitulua behin betiko itxiko!