Haatik, esangura berezia zeukan joan den apirilaren 8an Frantziako Asanblea Nazionalean onarturiko Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea, Molac bretainiar diputatuaren izenarekin ezagutu dena. Legeak Frantziaren orain arteko jokamoldea kontuan hartuz, berritasunak zekartzan. Alde batetik, euskara, bretoiera, katalana, okzitaniera, korsikera eta bestelako hizkuntzen biziberritzea ahalbidetzeko asmoz, murgiltze ereduaren onarpena. Beste aldetik, ele bietako seinaleztapen publikoa edota hizkuntza gutxiagotuen grafia, esanguratsuenak aipatzearren.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta bere gobernuak ahal izan duten guztia egin dute legeak aurrera egin ez dezan. Nolanahi ere, gobernuak jarritako traba guztien gainetik zein azpitik, azkenean, legea onartzea erabaki zuen Frantziako Asanblea Nazionalak... Frantziako estatuburuak legea promulgatuz gero, ez zen arazorik izanen baina itxarotea erabaki zuen. Macronen alderdiko 61 diputatuk Frantziako Konstituzio Kontseiluan helegitea jarri zuten apirilaren 22an eta organo horrek, helegitearen zioa baztertu eta, are larriagoa dena, ofizioz, murgiltze eredua eta hizkuntza gutxiagotuetako grafia partez onartzen zuen xedapena indargabetu zituen. Ostiralean hartu zen erabakia. Macronek, orduan, ez zuen itxaron nahi izan, legea promulgatu baitzuen auzitan jarritako xedapenak ezabatu eta gero, bide batez, Frantziako Asanblea Nazionalak legea berrikusteko zeukan tartea ezerezean utziz. Eskandalua eta auzo lotsa! Non dira euskararen aldeko hizkun-tza politika etengabe auzitan jartzen dutenen ahotsa, kontra egiteko horren oldarkor eta aktibo azaltzen direnena?

Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aipatzen da hizkuntza gutxiagotuak baztertzen segi-tzeko estakuru gisa... baina Frantzia ez da salbuespena auzi honetan, ezen Espainiak Fran-tziako Iraultzaren printzipioetatik edan baitzuen XIX. eta XX. mendeetan, tartean hizkuntza kontuetan. Horri zor zaio gaztelania hizkuntzaren derrigortasuna hedatzea eta areagotzea, irakaskuntzan, administrazioan eta abar. Egun Espainiar naziotasuna eskuratzeko, medikua izateko, administrazioan jarduteko eta abar gaztelania jakitea ezinbestekoa da... baina gaztelaniaz gain, katalanez, galegoz edota euskaraz jarduteko eta herritarrei zerbitzua emateko ardura dutenak tantaka hartu behar dira, baten batzuek diskriminatuak direla salatuko ez badute... Diskriminazioaz berbetan mendetan gaztelania eta frantses hizkuntza inposatu direnean eta baztertu eta zigortu direnean bestelako hizkun-tzak erabiltzen zituztenak, dituztenak.