SKATASUNA izan da Madrilgo hauteskundeetako lelo nagusienetako bat, askatasuna, bai! Nahi den eran bizitzeko, inori eta ezeri begira egon gabe edozer egiteko. Izan ere, izurritea tarteko, libertatea mugatu digute, desiratzen dugun tokira eta nahi ditugunekin ibiltzea galaraziz... Hala, herritarren mugikortasunari ezarritako murrizketak eta indarreko etxeratze-agindua bertan behera geratu eta berehala ospakizunak etorri dira, diktadura baten atzaparretatik atera izan bagina bezala. Bitartean, besteak beste, ahanzturan amildu dira erietxeak gainezka zeudela osasun-langileei eskainitako txaloak eta beste sasoi batean erakutsitako hurbiltasuna.

"Mozkortzeko bildu zirela eta ondorioa berdin ziela" aldarrikatu dute maskararik gabe edanean zebiltzanek, inguruak erabat lorrinduta utzirik. Antza denez, ederto barruratu dute ez zaiela ezer gertatuko eta ahalguztidunak direla. Txarrenean ere, birusak harrapatzen baditu, esperientzia berriren bat izanen da eta, hurbilekoren batek erietxerako edota kanposanturako bidea hartzen badu, zer eginen diogu bada! Bizitza bizi-tzeko da eta.

Hau al da diktadura baten aurka egiatan borrokatu zirenek askatasunaz ulertzen zutena? Trantsizioan eta ondoko hamarkadetan baztertutako herritarren eskubideak aitor-tzearen alde jardun zutenek libertateaz pentsatzen zutena? Bidegabekerien kontra azaltzen direnen pentsamoldea? Nago ez dugula ezagutzen, ez eta jakin nahi ere, askatasuna irabazteko gure aurrekoek egin zuten sakrifizioa, hartu zituzten arriskuak, jasan zuten errepresioa eta nozitu izan zituzten egoerak... Orain, berriz, errenta haietatik bizitzea tokatzen da, batere ahaleginik egin gabe dena eskura dutenek egin ohi duten antzera. Inguruabar horretan, ez dakit zergatik aipatzen ditugun gazteak horrenbestetan, gehienen jarrera bestelakoa dela jakinda, aitortu beharko baikenuke horietako asko auzolanean ari direla... Akaso, beste adin-talde batzuetako norbanakoen egoskorkeria izan beharko genuke jomugan, aztergai.

Askatasunak ezer gutxirako balio digu beste batzuekin batera bizi garela barruratzen ez badugu; gure askatasuna beste batzuen askatasuna hasten den tokian amaitzen dela ulertzen ez badugu... askatasunari eran-tzukizuna, zaurgarrienekiko enpatia, eskubide-parekidetasuna, elkartasuna, ardura eta abar gehitzen ez badizkiogu. Osagai horiek bazterrean uzten dituen askatasunaren kontzeptuak oihanaren legea dakarrelako; ahalbide gehien daukana gainjartzea, gizartearen aurrerabidea ezerezean lagaz eta bazterkeria ereinez.

Nire aurreko eta gaurko belaunaldien hanka-sartze galanta da! Ez dugu gure egitekoetako bat bete eta ez dugu transmiti-tzen jakin hona nola iritsi garen, zer-nolako ahalegina egin behar izan den. Horretxegatik, euskarazko hedabideak, osasun-sistema, hezkuntza elebiduna, gutxiengoen eskubideak, esfor-tzu eta ahalegin handiz eraiki dugun ongizate sistema eta beste ez dira behar adina balioesten, batzuek ez dutelako bestelako egoerarik, ez eta nondik gatozen ezagutu ere. Aurrera, bada, askatasunaren kontzeptu desitxuratua, hutsa, herritarren baldintzak eraldatzeko hutsala dena.