botika

Pairatzen ari garen ataka zail honetatik ateratzeko denbora luzea beharko da; beraz, une erabakigarri batean, erkidegoak ezin laga daitezke bertan behera, aurreko hilabeteetan Espainiako Gobernua ahalguztiduna izan denean, gobernagarritasuna partekatu ez duenean eta den-dena ikuspegi zentralista batez kudeatu nahi izan duenean. Bistan denez, erkidegoak gauza dira egoera hau kudeatzeko, baina horretarako, heldulekuak behar dituzte gobernagarritasun partekatuaren norabidean, eta horien artean, juridikoak, har-tzen diren erabakiak inork zalantzan eta hankaz gora jar ez ditzan. Orain arte, erkidegoek hartu dituzten erabakiak epaitegietara eraman badira eta, hainbatetan, horien inguruan hartutako erabakiak kontrajarriak izan badira... zer jazoko da erabakiak hartzeko une honetan dagoen guardasol ia bakarra desagertzen bada?

Jendea nekatuta dago... eta nazkatuta ere bai, orobat, ez duelako ulertzen izurrite hau sestra politikoan nolatan erabil daitekeen, ikusten duelako hartzen diren erabakien kontra mintza-tzen diren berdinak zeinen arin eta erraz aldatzen diren iritziz eta jarreraz. Jendea aztoratuta dago, ikusita mugikortasunari, gizarte-distantziari eta garbitasunari buruz etengabe esaten direnek ez dutela indarrik futbol-partida bat edo txapelketa bat tarteko direnean, batzuentzat lehentasunik behinena negozioa egitea da eta. Norbaitek argitu ahalko luke lau lagunetik gora elkartzea zergatik komeni ez den... eta, aldiz, helburua zein den, milaka lagun zergatik eta zertan bil daitezkeen, txistua eta danbolina aurrean dutela.

Beharbada, pedagogiak huts egin digu. Akaso, atentzioa jarri dugu murrizketa, debeku eta halakoetan... eta ez dugu behar beste azpimarratu auzia geure burua eta lagun hurkoena babestea dela. Izan ere, edozein mementotan izurriteak eraso egin diezaguke, horrek dakartzan ondorio eta guztia. Apika, beste lurralderen batean, non gaixoak erietxera eramaterik ez dagoen eta, osasun sistemak jada artatu ezin dituelako, etxean hiltzen ari diren, biziko bagina, gure jarrera bestelakoa litzateke. Bitartean, segi dezagun ezer gertatuko ez bailitzan plazak, tabernak eta enparauak mukuru betetzen!

Hainbatetan erabili dugu traineruaren edo denok batera boga egin beharraren irudia... Kontu horrek daborduko ez du balio, boluntarismo hutsean geratu baita delako desira hori. Aitzitik, baten batzuek, eta ez dira kopuruz urriak, izurritetik ateratzeko aldabenak aldabena aldarrikatu dute, Estatuko agintari batzuengandik hasi eta herritarren multzo zabaletara iristeraino... Geroak esango horrek zer dakarren, hilotzak zenbatzen segitzen dugun artean.