Lurralde aberatsenek sendagai eragingarrienak pilatzen ari dira, are bitarteko urriagoak dituzten lurraldeak bazterrean lagaz. Inguruabar horretan, Europak hainbat sendagai eskatu ditu, horretan ari diren enpresen ekoizpen-ahalmena baldintzaturik; Europako kide diren estatuen artean txertoen banaketa egin da eta estatu bakoitzean prozedurak ezarri dira herritarren immunizatzea ahalbidetzeari begira. Orain, begiz jotako aurreikuspenak eta eginiko zenbait urrats, ordea, zalantzaz beterik ageri dira, txertoetako baten ekoizleak sendagaiaren dosiak eskura-tzeko agindutako epeak ez dituela beteko baietsi ondoren. Pentsa daiteke halako konturik ez dela aurreikusi gabe gerta-tzen. Nolanahi ere, ez da ganorazko azalpenik eman jazoera honen inguruan.

Immunizazioa lortzeko bi dosi hartu behar badira, normalena da lehenbiziko dosia hartu dutenek bigarrena hartu ahal izateko eran planifikatzea, behar diren botikak gordez eta askotariko arrazoiengatik sendagaiak eskuratzeko egon daitezkeen zailtasunei aurre eginez... Ez dauka zentzurik txerto gehien nork jartzen dituen tarrapataka eta demagogia merkea erabiliz dominak jar-tzen ibiltzeak, jendearen osasuna baitaukagu jokoan. Era berean, bidegabea da aldez aurretik emaniko kopuruen arabera tratamendua osorik segurtatzeko asmoz, lanean ibili direnak zigortzen saiatzea ere.

Iazko udaberrian, norbera babesteko ekipamenduekin arazoak egon ziren eskaria eskaintza baino are handiagoa zelako, eta denboraren poderioz lortu da auzi hori zelanbait normaltzea, eskaintza nonahi indartu dela. Litekeena da sendagaien esparruan ere antzeko egoera gertatzea, aldi berean, kontinente guztietan dagoen eskaria izugarria baita eta ez baitago modurik epe laburrean eskari guztiei erantzuteko. Ondorioz, herri-agintariek zuhurtziaz jokatu behar dute, tratamendua oso-osorik ematen dela segurtatuz. Izan ere, zenbat txerto jarri dituzten paparra ateratzen ibili direnek zer esango dute lehenbiziko dosia jaso dutenei bigarrena ezin dietela eman aitortu behar dutenean?