Oraingoan, AEBetako presidentea izan da gertaeraren bultzatzaile nagusia, kapaz izan ez delako herritarrek emaniko bozak onartzeko eta horren arabera jokatzeko... baina egoera horren oinarriak aurreko presidentearen agintaldian ezarri ziren. Lurralde horretako sektore batek ez baitzuen onartu Obamaren agintaldia eta sekulakoak eta bi egin baitzituen haren egitasmoak zangotrabatzeko eta gizartea zartatzeko, gezurrak nonahi zabalduz eta kontrakotasuna muturrera eramanez. Giro horretan lortu zuen Trumpek buruzagitza eta estrategia bera izan du ardatz agintaldi osoan zehar. AEBetako gizartea egun lehen baino bananduago azaltzen bada, hori presidentearen ekinagatik eta hedabide batzuen eta bere alderdiaren laguntzagatik izan da, hein handi batean. Beraz, ez dezagun erantzukizun osoa Trumpen bizkarrean utzi, arren!

Hauteskundeak gertatu aurretik iruzurra egongo zela iragarri zuen, besteak beste, jarrai-tzaileak mobilizatu eta botoa eman zezaten bultzatzeko... eta estrategia horrek garaipena eman ez dionean, bere horretan segitu du, sutara are egur gehiago botaz! Herritarrak oldartuz, gezurrak zabalduz, Trumpek hautetsontziek eman ez diotena eskuratu nahi izan du. Baina distantziak eta parekotasunak gorabehera, ez dezagun pentsa politikaren egungo jarduna, hangoa zein hurbilekoa, halako jokabideetatik oso urrun dagoenik.

Adibide modura, azter dezakegu Espainiako Kongresuan azken hiletan egon den giroa, eraiki den diskurtsoa, deskalifikazio eta irainetan ardazten dena. Gogora ditzagun alderdi batzuetako agintariek, haien familiek zein etxebizitzek jasan dituzten erasoak, aldian-aldian erakunde eta alderdi batzuek jasaten dituzten jazarpenak eta abar, guztiak, muturretan kokatzen diren alderdi eta mugimenduek, agerian edo isilpean, hauspotuak. Horrek narama eskatzera gizartean erantzukizunen bat duten guztiei pentsa dezaten haien adierazpenetan, jarreretan eta erabakietan... Pentsa dezaten bizikidetza eta gizartea ehuntzeko egin dezaketen ekarpenean.