Zorionez, jarrera horietatik nabarmen aldendu gara, oraindik ere bide luzea eginkizun badugu ere.

Normaltasuna berreskuratzeaz ari garenean, distantzia fisikoa gordetzeko, osasun neurriak betetzeko eta maskara erabiltzeko, derrigortasuna ezaba-tzeaz ari bagara...

Ageriko kontu horietatik harago, honetara ekarri gaituen normaltasunaz eta bizitzeko eraz gogoeta egitea behar-beharrezkoa da, goazen bidetik askotariko hondamendien zozketaren txartel guztiak eskuratzen ari gara eta.

Giza espeziea izugarri ugaldu, hedatu da eta, beraren garapena ahalbidetzeko, baliabide naturalak mugarik gabe ustiatzen ari da. Horren ondorioz, gizakien eraginez, inoizko espezie-galerarik handiena suertatzen ari da, ekosistemak galarazten edo kutsatzen ari gara... eta abeltzaintza eta nekazaritza estentsiboen ondorioz, basoak desagerrarazten, lur-eremu zabalak sikatzen edo basamortu bihurtzeko bidean dira.

Ustez aurreratuak garen lurraldeen bizi-mailara munduan diren pertsona guztiak iritsi ahal izateko, zenbat baliabide beharko genituzke, bizi garen planetak ematerik ez dituenak? Eta garapen-eredu horri eustea ezinezkoa denez gero, lurralde aberatsek atzera egin beharko dute, garapen-bidean dauden lurraldeek aurrera egin dezaten, besteak beste, iraunkorra den bilakaera erraztuz, teknologiaren eta ezagutzaren transferen-tzia eginez.

Azkenean, garapen-eredu jakin bat dago egun bizi dugun izurritearen eta baliabide naturalak neurririk gabe eta nahierara baliatzen dituen larrialdi klimatiko eta sanitario honen atzealdean, eta, haatik, pentsatzekoa da etorkizunean beste izurrite ba-tzuk maizago iritsiko direla, ekosistemak ezerezean lagatzeko egiten ari garen ahaleginaren ondorio gisa. Norbaitek izurritearen aurreko egoerara albait arinen bueltatzeko gogoa baldin badauka, ohar bedi jazotzen ari dena ahuntzaren gauerdiko eztula dela datorkigun hondamendiaren aurrean. Horrexegatik, komeni da izurritearen kontuak gainditze bidean jartzean, iraunkorra edo jasangarria den garapenaz gogoeta sakona egitea, bizi-garapenaren kontzeptua beste lehentasun eta arda-tzak kontuan hartuz bideratuko badugu.