Baina kontua ez da horretara mugatzen. Izurriteak diru bilketan inoizko jaitsierarik handiena ekarri duenean, langabeziak horren epe laburrean inoizko igoerarik handiena izan duenean, eremu pribatuan ari diren langileen lan-baldin-tzak izugarri eskastu eta hainbat lana galtzeko zorian daudenean, egun dauzkagun zerbi-tzuei eusteko zorra izugarri handitu beharko denean... badira errealitate horretaz jabetu ez eta, ezer gertatuko ez balitz bezala, haien aldarrikapenei irmo eusten dietenak. Irakaskuntzan, gutxienez, 6.000 irakasle berri behar omen dira. Logika horri segida emanez, garbitzaileak, jantokietako langileak, aisialdiko begiraleak zein bestelakoak ere ugaritu egin beharko dira; pentsioak igo egin behar dira, nahiz eta pentsiodun batzuek jasotzen dutena jasotzeko adina kotizatu ez duten; osasun-zerbitzuak indartu behar dira; kulturgintzan ari direnak, ostalariak, ekonomia ehuna erreskatatu eta abar... Baina inork ez du hori egin ahal izateko bitartekoez, lehentasunez, sektore publikoaren eta pribatuaren artean (erretiroari, lanorduei, soldatari eta abarrei begira) dagoen eta areagotzen ari den arrakalari buruz jardun nahi.

Bada, nahi ala nahi ez, lehentasunei buruz jardun beharko dugu, lehenago edo geroago, daukagun ongizate sistemari eutsi nahi badiogu, besteak beste, dena ez delako egingarri, ez eta proposatzen den guztia bidezkoa ere.

Bidezkoa da gehiago kotiza-tzeko aukera eduki eta gutxienekoa kotizatu duenari horrekin bat ez datorren pentsioa segurtatu nahi izatea, tartean, bere baliabideak beste gauza batzuetan erabili dituenean? Justua ote da langile ba-tzuek, tartean publikoek, erretiroari begira beste batzuek ez dituzten abantailak izatea? Osasun sisteman non egin behar dugu indar, non jarri behar ditugu are bitarteko gehiago? Zein da irakaskun-tzan lan egiten duten irakasleen lan-jardun erreala? Zein-tzuk egun ditugun ratioak, baliatzen ditugun bitartekoen eragingarritasuna, zergatik opor egunen biharamunean ehunka batzuek baja hartzen dute... Zergatik ez dugu esaten halako pentsiodunei, ez guztiei, pentsioa duindu behar diegula? Zergatik ez dugu esaten halako eskolak edo ikastolak, ez guztiek, bitarteko are gehiago behar dituztela eta abar? Nago, hainbatetan, zenbait zailtasun erreal konpondu baino aitzakiatzat erabiltzen ditugula batzuen egoera are erosoagoa izan dadin, eta ez daukat garbi gizartea prest ote dagoen orain arte egin dena egin den bezala eta eskaera-maila igo gabe egiten segitzeko, hori bai, are diru gehiago erabilita eta bestelako lehentasunak atzean lagata!