Aitortu behar dut igandean sorpresa hartu nuela datozen hauteskundeetan Carlos Iturgaiz PP alderdiaren lehendakarigaia izango dela jakin nuenean... Ez Alfonso Alonsoren hautagaitza sendoa zela antzematen nuelako -egunetan hautagaitza horren inguruabarrean zalan-tzak azaldu baitziren-?, aukeratutakoak sasoi bateko diskurtsoetara lerratu eta atzera egiteko arriskua dakarrelako baizik. Berriro ere frogatu da Estatuko alderdi nagusien aparatuetatik aldentzen diren mezuek ez dutela itzal luzerik Katalunian, Euskadin edo beste erkidego batzuetan.

Kataluniarekiko jarrerak ekarri zuen PP alderdiaren gainbehera, bai eta Ciudadanos alderdia gizentzea ere. Denbora igaro ahala, gero eta diskurtso zakarragoak barreiatzeak Ciudadanosen gainbehera eta Vox alderdia indartzea ekarri dute, baina norabide horretan eginiko urrats bakoitzak bizikidetzari eraso, demaseko kaltea egin eta Estatuko lurraldetasun arazoari irtenbide adostu bat bilatzeko zailtasun gehigarriak sorrarazi ditu. Orain, Aznarren hegalpean baturik zetzan eskuina, gutxienez, hiru korrontetan banandurik ageri denez, Casadoren xedea da hiru korronte horiek berriz ehuntzea, zentro-eskuina berrantolatzea, Estatuko hurrengo hauteskundeak irabaztea helburu nagusia izanik.

Horrexegatik, Sanchezen gobernua albait arinen eraisten saia-tzen ari da, gobernagarritasuna oztopatzen eta abar. Gainera, zabaltzen dituen mezuetan, etengabe jartzen du zalantzan Sanchez aupatu dutenen zilegitasun demokratikoa eta ez du txintik esaten horiek bazterrean eta legez kanpo uzteko, Vox zein Ciudadanos alderdiek esan dituztenak. Estrategia horretan, ultraeskuinaren posizioetara hurreratzen eta desagertzeko zorian dagoen Ciudadanosi utzi dio tokia. Izan ere, Casadok, besteren artean, Katalunia eta Euskadi baliatzen ditu Estatu mailako diskurtsoa eraikitzeko, nahiz eta, horren eraginez, erkidego horietako herritarrek bizkarra gero eta bizkorrago ematen dioten eta PP alderdiaren ordezkaritza ahultzen den.

Harrigarri suertatzen da autogobernuaren, Ekonomia Itunaren, hedabide publikoen, hezkuntza sistemaren eta abar luze baten kontra horren gogor jardun duen Ciudadanosen eskutik hemen aurkeztea... Eta, hogei urte atzera eginez, orduko diskurtsoak berreskuratzen saiatzea ere bai. Zorionez, ez gaude duela hogei urteko egoeran! Herri honek asko aurreratu du. Indarkeriari heltzen ziotenek horren erabilera baztertu eta beste bide bat aukeratu behar izan dute. Era berean, herri honek asko aurreratu du bizikidetzaren ingurumarian, oraindik bidearen zati esanguratsu bat eginkizun badugu ere... Eta ikuskizun dagoen horretan, ikusteko dago Casadok apirilaren bosteko hauteskundeetako emaitzak txarrak badira, erantzukizunik hartu eta aukeratu duen estrategia aldatu eta aldaraziko ote duen.