Gaur Nafarroako Eguna dugu, bai eta Euskararen Nazioarteko Eguna ere. Beste behin izanen dira ospakizunak, aldarriak eta ekimenak euskara noranahikoagoa bilaka dadin, herritarren aho-mihietan are gehiago erabil dadin. Halako egunetan izango dira gutxi aurreratu dugula eta biziberritzea motelegi doala azpimarratzen dutenak? eta egonen da bakarren bat, horrelakoak gure artean ere baitira, ditxosozko inposaketaren kontua darabilena.

Aurrealdean bide nekosoa, zaila eta luzea egiteko daukagunean, komeni da, ordea, egin dugun bideari erreparatzea. Euskara normalizatzeko ezinbestekoa izan zen eta bada eredu bateratua sor-tzea eta garatzea. Halaxe azpimarratu zuten XIX. eta XX. mendeko euskalari, euskaltzale eta hizkun-tzalari gehienek, horien artean, Koldo Mitxelenak, 1968an euskara batasun bidean jartzea hil ala biziko kontua zela baieztatu zuenean, baldin haur eta gazteei euskara irakatsiko bazitzaien. Orduz geroztik, berrogeita hamaika urte igaro dira, denbora laburra hizkuntza batentzat, baina emari handikoa, euskarak egin baitu hamarkada gutxi batzuetan beste hizkuntza batzuek hainbat mendetan eginiko bidea. Denon ahaleginari eta ekarriari esker egin da. Bereziki, gure aurreko belaunaldikoei esker!

Duela berrogei urte eskas, euskarari ofizialkidetasuna aitortu eta eskara bateratua hartu zen hiztun elkartea berrosatzen joan zedin ezinbesteko lanabes. Horrek, irakaskuntza, hedabideak, sorkuntza eta abar azkartu ditu, bai eta euskal lurraldeak elkarretaratu ere. Gure historian, lehen aldia da gure artean hiztun elkarte bateratuaren kontzientzia zabaltzen ari dena! Horixe da hiztun elkarte txikion ?hiztun kopuruaren aldetik? bidea, elkarren arrimuan eta babesean egin dezakegulako aurrera, ez bestela!

Mendizale batek badaki taldean doanean, tontorrera iristeko modurik eragingarriena ez dela erritmoa bizkortzea, horrek badakar taldekide gehienak erritmoari eutsi ezinda, mendi bazterrean geratzea, buelta ematea eta gailurrari bizkarra erakustea. Bakarrik bizkorrago iritsi gaitezke? baina, edozelan ere, bakarrik iritsiko gara! Gure erronka bestelakoa da, elkarren beharra baitugu urrunago iritsiko bagara, euskara gu guztion hizkuntza izatea nahi badugu.

Baina gure aurrekoek hizkuntza bateratzeko, noranahikoa bilaka-tzeko lan egin bazuten, zein da oraingo belaunaldien misioa, euskarari biziraupena eta garapen osoa ekar diezaiokeen arrazoia? Horixe da gure seme-alabek, euskarazko sorkuntza, euskarazko irakaskuntza, hedabideak, aisialdia?, hots, guk ez genituen lanabesak eskuragarri dituztenek egin beharreko galdera eta bilatu beharreko erantzuna. Haien beharra dugu eta haiek gurea, euskarak gaurko eguna ez ezik, urteko egun guztiak izan ditzan!