Azalaren kolorea, jatorria, janzkera, gustuak, hezkuntza beharrizan bereziak izatea... Hitz egiteko manera, keinuak, sexu berekoak gustuko izatea... Edozein izan daiteke aitzakia norbaiten aurkako eraso eta jokabide iraunkorra antolatzeko. Beharbada, halako jarrerak erakusten dituzten pertsonen konplexuak, nagusikeriazko jokabideak, familia-giroa, taldean jarduteak aditzera ematen duen inpunitatea, juzguak eta abar egongo dira... Baina eragiten duten kaltea horrenbesterainokoa da, non halako egoera bizi duten batzuk beren bizitzaz beste egitera ailegatzen diren edo jasandako guztiaren zama bizitza osoan eraman behar duten.

Ezin du errespeturik eskatu, ez eta aldarrikatu ere, lagun hurkoari begirunea ez dionak, eskolan, lan-munduan edota gizarte-bizitzan, oro har. Halaber, halako gertaeren berri izan eta beste aldera begiratzen duenak ere badu jazotzen denaren erantzukizunaren zati bat, erasotzaileei bidea erraztu eta biktimak are bakarrago uztea ekartzen duelako. Horregatik, ezarrita dauden protokoloak aldiro berrikustea komeni da, erasotzaileek jazarpenari garrantzia kentzeko, ia ezerezean lagatzeko eta elkar babesteko jarrera erakusten baitute, biktimaren egoera are lazgarriagoa, apalesgarriagoa bilakatuz. Halakoetan jarrera proaktiboa erakustea garrantzi handikoa da, bai familien, bai eta hezkuntzan zeresana duten guztien aldetik, eskuarki... Halakoen aitzinean agertutako jarrerek erakusten dutelako familien egiazko balioak zeintzuk diren, bai eta hezkuntza egitasmo bakoitzarenak ere.

Baina jazarpena ez da umeen edo nerabeen eremuan bakarrik gertatzen, nahiz eta halakoak deigarrienak diren eta, beharbada, mingarrienak. Helduen eremuan ere gertatzen ari dira gero eta sarriago. Harreman bat eten ondoren, bikotekide ohia mespretxatzeko helburua duten iruzkinak barreiatzea edo eremu pribatuan ateratako irudiak haren baimenik gabe zabaltzea ere jazarpena da. Beste horrenbeste esan dezakegu, arrazagatik, hitz egiteko moduagatik eta abar, gehiengoaren partaidetzat hartzen ez ditugun gutxiengoen kasuetan ere bai. Sare sozialetan, mugikorren bidez eta askotariko taldeetan mezuak eta irudiak hedatzean, jazarpenaren katebegi bilakatzen garenean, jazarpenaren bidelagun bihur-tzen garenean, ondorioetatik ezin dugu gure erantzukizuna inolaz ere aldendu.

Jazarpenaren sustatzaileak bidaideak behar ditu bilatzen duen eragina, kaltea albait handiena izango bada, horixe delako bila dabilen arrakastaren adierazlerik behinena: lagun hurkoa suntsitzea ahalik eta erarik basatienean. Ondorioz, halakoen berri dugunean planto egitea, biktimari hurbiltasuna erakustea eta erasotzaileei aurre egitea da erakutsi beharko genukeen jokamolde bakarra.