Aurreko asteburuan eratu dira Hego Euskal Herriko udaletako gobernuak... Eta aitortu behar dut eratze horiek sentsazio gazi-gozoa laga didatela beste behin. Oraindik ere ez dut uler-tzen eremu batzuetatik datozen kontraesanezko mezuen logika. Izan ere, Iruñean, hauteskunde gauean, orain arte Iruñeko alkate izan denari -bidenabar esanda, urteetan egon den onenari, nire ustez- beste alderdi batekoek agur esateak mingarri gertatu zitzaien Ezker Abertzalekoei. Hauteskunde gauean, ordea, inguru horretako zenbait lagunek, Durangoko alde zaharrean, jarrera bera erakutsi zioten hauteskundeetan alderdirik bozkatuena izan zenari, EAJri, hain zuzen ere.

Bada, Ezker Abertzaleari ondo datorkionean, zerrenda bozkatuena bazterrean uzteko xedez, bestelako gehiengoak eratzea zilegi ez ezik, komenigarri ere bada. Bera baztertzen edo bera zerrendarik bozkatuena den tokietan alderantzizkoa gerta-tzen denean, ordea, arbuioak, isekak, mehatxuak, pintadak, pankartak, bizkar-erakusteak, kontzentrazioak eta onartezinak diren berbak dira entzuten direnak. Herri batzuetan ikusi ditugunak beste toki batzuetan gertatu balira, nola hartuko zituen Ezker Abertzaleak? Ezen, niretzat larria baita halako jarrerak normaltzat hartzea, are gehiago kultura demokratiko eskaseko inguru jakin batetik datozenean.

Normaltzat hartu behar ditugu aurkari politikoek, zeinahi direla, deitutako ekitaldietan pankarta eta gisakoekin azaltzea edota bestelako zerrendetan doazenei, toki batzuetan egiten zaien jazarpena onartzea, herrian bertan eta beren lantokietan? Ezker Abertzaleak deituriko kontzentrazio eta ekitaldietan, partaide den zerrendetan doazenei halakoak gertatuz gero, probokazioa bailitzateke entzungo genukeen hitzik lausoena. Beraz, bada sasoia normalak ez diren jokabideak salatzeko, bai eta halakoen atzealdean daudenei bizkarra erakusteko ere, jarrerez eta jokabidez aldatzen ez diren bitartean.

Lagun hurkoa begirunez trata-tzea da eskatu behar zaion gutxienekoa maila bereko tratua nahi duen orori. Halaber, gauzak nola diren azaltzea ere komeni da. Izan ere, udal bateko agintea ez du nahitaez eskuratzen zerrendarik bozkatuenak, gehiengoak eratzeko prestutasuna eta gaitasuna duenak ere lor baitezake aginte-makila, zilegitasun-txintik ere galdu gabe... Eta halakoetan, pentsatzekoa da are herritar gehiago ordezkatzen direla bestela baino.

Zein da alderdi bakoitzak bizikidetzari, herritarren arteko elkarbizitzari egin asmo dion ekarpena? Ezen desberdin pentsatzen duen jendea zokoratuz, jazarriz, ezin baita ezer erein, ezpada, ezinikusi are gaiztoagoa, epe ertain eta luzean etengabe azaleratzen dena eta herritarren arteko harremanak pitzatzen dituena.