Biktimen Europako egunean izan zen eta, beste behin, hitzek eragotzi (omen) dute ordezkaritza duten alderdi guztiek biktimak gogorarazteko berariaz deituriko ekitaldian parte har dezaten... baina hitzak ote dira desadostasunaren oinarria? Ala hitzak sakonera handiagoko pitzaduraren azaleko kontuak baino dira. Nago ba-tzuek indarkeriari buruz lau haizeetara barreiatzen dituzten adierazpen kalkulatuen atzealdean bizikidetzaren oinarrizko printzipioekiko desadostasuna dagoela. Partekatuz gero, eginiko bide anker baten antzutasuna, bidegabe eta alperrik eragindako sufrimendua eragin izana onartzea dakarrelako.

Armak estrategia politiko baten mesedetan baliatzea baztertu zenean, desberdin pentsatzen zutenak jazartzeari laga zitzaionean, alderdiak, herritarrak eta abar seinalatzeko jarrera apaldu zenean -seinalatzeko jarrera hori ez baita erabat desagertu-, bestelako balio etikoak eta moralak nagusitu zirelako ala bide horrek helburuak lortzeko eragingarria ez zelako izan zen? Biktimen tokian jartzeko dauden zailtasunen atzealdean ez ote dago bigarren arrazoia izan zela benetan erabakigarria indarkeriari uko egiteko? Bestela ezin esplika daiteke jazotzen ari dena.

Gainerakoek, bereziki, indarkeria baliatu ez dutenek, diotena apaldu, modulatu behar dute beste batzuk halako omenaldi eta ekitaldietan are erosoago egon daitezen? Eta ez ote da alderantzizko bidea egin behar, totelka, ia aho txikiarekin noizbehinka esaten direnak indar eta sentimendu handiagoz adieraziz? Horrek sekulako mesedea eginen liguke, ez iraganari begira bakarrik, gaur zein bihar etzikoari begira baizik, pedagogia soziala egitea dakarrelako, halako bideak oraindik balia-tzeko tentazioa duten guztiei erabat bidea itxiz. Ez hori bakarrik! Nago halako jarrera batek erraztu eta indarrak bilbatuko lituzkeela presoen auziari ere irtenbide bizkorra emateko.

Zergatik da horren zaila indarkeria baliatzea bidegabea izan zela aitortzea, inork ez zuela hiltzea merezi baieztatzea, desberdin pentsatzen zutenak arbuiatzea, zokoratzea, presio egitea ez zela egokia... halakoak onartzeko zailtasunak baditugu, lagun hurkoa errespeta-tzeko zailtasunak baditugu... orduan, besteak beste, ezker abertzaleko kideak tirokatzea, estatuaren barrunbeetatik antolaturiko indarkeria zein bestelako gehiegikeriak, horiek guztiak ere normaltasunez, haize aldaketa soila balira bezala onartu behar ditugu? Eta ez du balio gainerakoen zain egoteak, norberak pausu bat eman ahal izateko, gainerakoei eskean aritzeak, kontua, auzia zera da: bizikidetzaren oinarrizko prin-tzipioak partekatzen ditugun ala ez. Gainerakoak hitzak dira, haizeak eramaten dituen eta eguneroko jardunean eraginik ez duten berba soilak.