Egun on Aitzol, lau bat hilabete dituzu proiektu hau martxan jartzeko. Eskatzen dizugun gauza bakarra ingurukoen onespena izatea da, edo gutxienez gehiengoa kontran ez izatea. Edozein lanbidetan nahiko eskaintza zentzuzkotzat joko genuke, baina politika munduan badirudi ezetz.

Bi potro, hi. Ez Rajoyk ez Sanchezek ez dute lortu, edo ez dute lortu nahi izan, nahiago baduzue, baina kontua da batak eta besteak euren herrialdea bigarren hauteskunde batzuetara behartu dutela. Argi dago ez dutela euren poltsikotik ordaintzen, eta tamalez, euren postua ez dagoela jokoan. Ez ditu nagusiak hartuko eta kalera bidaliko, ez dute beste lanpostu bat bilatzeko arazorik izango, nahiz eta adinez nagusi samarrak izan enpresa berri batean hasteko, horrek dakartzan arazoekin. Ez dute langabezia-laguntzatik bizi beharrik izango, eta ez ditu hipotekak itoko. Beste aukera bat izango dute, berriz berdina egiteko, edo ez, agian, zorte pixka batekin, ez dugu beste behin bozkatu beharko, gurea nahi ez dugun herrialde bateko presidentea izendatzeko.

Aipatu dut presidentegaien nagusiak ez dituela kalera botako, nola ba, berau ere ez baitu inork aukeratu, baina azken urtetan bi aldiz bildu behar izan du gutxienez alderdi politikoetako ordezkariekin (lan gehiegi, ezer ez egitera ohituta dagoenarentzat; nahiko lan, bere postua besteen bozen arabera jokoan ez duenarentzat). Hauteskundeetan berriro ere alferrik botako den dirutza dela eta, whatsappak dabiltza hara eta hona, sinatzeko eskatzen digute propagandarik ez diezaguten bidal, nire dirurik ez dezaten horretarako erabili, eta abar. Agian, bururatzen zait, goiko horri ere iturria moztu beharko geniokeela, izan dadila errege, baina bere etxean. Koroa jar dezala nahi badu, baina eguneko ogia irabazi eta gero, eta bestela, jan ditzala pastelak. Ni ere banintzen etxeko printzea txikia nintzelarik, baina kargu horri uko egin nion nahi gabe, lana egin behar zela azkar konturatu bainintzen, halabeharrez.

Iturria mozten hasita, agian eskaileran hurrengo dauden horiei ere moztu geniezaieke. Edo gobernua osatzen dute ahal den neurrian, edo ez dago dirurik. Ez soldata, ez aurrekontu, ez ezer. Edo moldatzen zarete, edo dena gelditzen da. Baietz orduan negoziatzeko super boterea garatu, eta berandu baino lehen txukun itxurako zerbait moldatu?

Baina ez, diruaren iturria ere mugitzen ez diren horiek ireki eta ixten baitute. Eurek erabakitzen dute noiz eta nola ireki emaria, eta noiz eta nola moztu, norentzat, eta norentzat ez. Eta azkenaldian, hori bozka bidez ere aldatzeko nahiko zaila dagoela dirudi, beraz, agian, demokraziaren definizioan ageri den Boterea herrian datza esaldi horri buelta bat eman beharko genioke. Botereak herrian beharko luke, baina ez da horrela errealistagoa iruditzen zait.