Eguzkitako betaurrekoak, palmondoaren azpian luze, eguraldi ederra, ez beroegi, ez hotz, haizea ere juxtukoa, norberaren edaririk gustukoena eskutan eta momentuaz gozatu beste zereginik ez. Horrela irudikatuko genituzke gehienok oporraldi idealak, edo horrela saldu ohi dizkigute, baina onerako edo txarrerako oso bestelakoak izaten dira sarri.

Baten batek argudiatuko dit berak nahiago duela Santiago bidea egin, edo Pirinioetan barna galdu hondartzan aspertu baino, ados, aldatu palmondoa pinuagatik eta aukeratu edari eta eguraldiak à la carte.

Zoritxarrez oporrak batek nahi dituen modukoak baino, tokatzen diren modukoak izaten direla gehienetan. Hasteko, eguraldia adibidez ez da beti gure lagun izaten, eta eskerrak, bestela honez gero planetarekin bukatu baikenuen. Gehienok ibiltzen gara oporrak baino astebete lehenago zein eguraldi izango dugun begira, edo honen arabera alde batera edo bestera joan erabakitzen. Gazteago nintzelarik, familiarekin mediterraneo hegoaldean ginen oporretan, euria urtean hirutan bakarrik egiten duen eta urbanismo zentzuduna utopia den herri horietako batean. Hiru aldiz bakarrik egingo zuen euria bai, baina guri, zaparrada goitik behera. Lagunei deitu aldiz eta Euskal Herrian sekulako giroa omen zegoen; zorionekoak gu.

Eguraldiari erreparatu bezala, prestakuntza prozesuan ere maleta prestatzea lan gogorra izaten da. Badaezpada kontzeptua nagusi egiten da etxe guztietan, eta hala ere beti zerbait ahaztu. Zure arropak nireak baino toki gehiago hartzen du, hau zertarako behar duzu, edo galtza hauek botatzeko daude bezalako esaldiak urtero urtero errepikatzen dira, gurean edo bizilagunarenean. Eztabaida bat baino gehiago ekarri ditu honek, baina kasu hauetarako bada lege kristau oso baliagarri bat. Bakoitzak berea, jainkoaren legea.

Tira, jo dezagun aurreko guztiak ere alde ditugula, eta lana, ikasketak edo dena delakotik deskonektatzeko baliatu nahi izan ditugula egun hauek. Aurten ordea bada bidean harri kozkorra topatzeko aukera, Nepal-eko azken bailara isolatuan ere iritsiko baitzaizkigu hauteskunde kanpainaren berriak. Rivera, Casado eta Abascal gure senitartekoak baina sartuagoak egongo dira oporraldian, eta ez, ez pentsa lan orduetan irakurtzen dituzuen egunkariak alde batera utzita hortaz libratu ahal izango, horretarako baitaude Whatsappa, twitterra eta facebooka, dena eskura izateko, eta gu denon eskuragarri.

Ez da testu honen helburua zuen bizitzetan tristura ziztatzea, azken finean denoi gustatzen baitzaigu egun batzuk hartu, egunerokotasunetik alde egin eta ordu batzuez bada ere, monotonia horretatik ihes egitea. Palmondoa aldiz bakoitzaren buruan dago, eta hamaka nahi den tokian zintzilikatu dezake norberak. Ez ahaztu ordea bueltakoan kontatzea, lehen aipatutako sareetan pildoratxoren bat utzi baldin baduzue ere. Zesarren emazteak izan bakarrik ez, eta itxura ere eman behar baitu, bertan egon, eta erakutsi.